Sorkuntza artistikoa lantzeko kurtso berria hastear, Amaia Santamaria bergararraren eskutik

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 6a, 11:18

Sorkuntza tailerrean egindako hainbat prozesu. (Argazkia: Amaia Santamaria)

BEARTen –Bergarako Arte Elkartean– izango dira saioak, eta arte graduatu bergararrak gidatuko ditu. Marrazketa, pintura, eskultura eta argazkilaritza landuko dituzte, besteak beste.

COVID-19a dela-eta bertan behera gelditu zen tailerra aurreko urtean, baina ikasturte berriarekin batera saioak berriz ere martxan jartzeko asmoa du Santamariak. "Aurreko urteetan moduluka planteatzen nuen ikastaroa; lehenengo hiruhilekoan pintura, gero eskultura eta gero argazki. Orain, ideia da ez banantzea horrela eta diziplinaz gaindiko tailerra izatea. Bestela esanda, egunerokoan diziplinak harremanetan jartzea eta ikuspegi hedatu batekin jardutea", azaldu du. "Helburua da norberak bere interesak arakatzea, jolastea, probatzea... Eta nik hori egiteko baliabideak eskaintzea".

Adosteko dago saioak noiz izango diren. Astelehenetan edo egubakoitzetan izango dira, 17:30etik 20:30era.

Santamaria orain bi urte hasi zen Bergaran sorkuntza tailerrak gidatzen. Garrantzia ematen dio irudimenari eta baita ere nork bere teknika garatzeari. Eskaintza helduendako dela esan du eta edonork har dezakeela parte. "Sinistuta gaude batzuk jaio egiten direla gauza hauetarako eta uste okerra da. Hezkuntzan ez da arte heziketa lantzen. Kopiatzen ikasten dugu eta erreprodukzioak egiteko txarrak bagara pentsatu ohi dugu ez dugula balio. Gezurra da. Denok hel gaitezke gustuko zerbait sortzera. Kontua da esperimentatzea eta egiten goazen heinean prozesuak garatzen joatea".

Lan giroa sortu gura du Santamariak Bergarako saioetan. Materialekin esperimentatzeko aukera ere zabaldu gura du: "Irudigintza lantzeko erabiliko ditugu akrilikoak, transferrak, pinturak, argizaria... Eskulturarako moldeak, eskaiola... Etxean ditugun materialak ere erabiliko ditugu", esan du.

Argazkigintzan ere emango dituzte urratsak. Kamara beltzarekin eta argazki digitalarekin trebatuko direla esan du. "Saiatuko naiz artisten lanak ekartzen, eta gero nork bere lana garatzeko aukera izango du".

Emaitzak baino gehiago lan prozesuak bistaratu nahi dituela gaineratu du. "Gehienetan emaitza ikusten dugu eta ez horren atzean dagoen lan prozesu guztia. Horren inguruan ere egingo dugu lanketa".

Lan prozesu horien inguruan argazkian ikus daitezke Pouring teknika bidez estanpatuak sortzen –goian ezkerrean–, alginatoarekin gorputzeko moldeak egiten –goian eskuman–, objektuak argiztatuz itzalekin irudiak sortzeko prozesuan –behean ezkerrean–, eta kaxa batekin sortutako kamera estenopeikoarekin ateratako argazkia eta laborategi analogikoan errebelatua –behean eskuman–.

Izen ematea zabalik

Saioetan izena emateko zein informazio gehiago eskuratzeko interesatuek bi bide dituzte. 690 251 450 telefono zenbakira deitzea (Amaia Santamaria) edo beart.elkartea@gmail.com helbidera idaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak