"Ongizate-sistema indartsu bat" defendatuz, manifestazioa egin zuten atzo Bergarako pentsiodunek

Jone Olabarria 2020ko urr. 2a, 12:03

Adineko pertsonen nazioarteko egunaren bueltan, Bergarako erretiratu eta pentsionistek manifestazioa egin zuten atzo herriko kaleetan zehar. "Pentsio duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoen beharra" aldarrikatu zuten, besteak beste.

Gipuzkoako adineko eta pentsiodunen elkarteen plataformak atzo ospatu zen Naziorateko adineko pertsonen egunaren harira kaleratu du prentsa oharra. Bertan zehazten denez, aurtengoan bizikidetzari, osasunari eta kolektibo kalteberen eskubideei "kalte handia" egin die pandemiak: "Pandemiak ongizateko erakunde publikoen garrantzia azpimarratu du, enpresa pribatuak ez baitira ordezkatzeko gai. Balorazio horrek Pentsio Publikoen garrantzia ere aitortzera garamatza".

Gutxieneko pentsioa

Era berean, pentsioen zenbateko, gutxienez, 1080 eurora iristearen garrantzia azpimarratu dute: "Arrazoi askorengatik daude ehunka mila adineko pobrezian sartuta, edo ezin dute hilabete amaierara iritsi, alokairua, argia, gasa eta abar ordaindu. Horregatik, Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea eskatzen dugu, eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, bizitza duina izateko".

Instituzioei deia

"Eremu guztietan, osasun publikoa berma dezatela, beharrezkoak diren giza baliabideekin eta baliabide materialekin, osasun-arreta publiko duina bermatzeko, adinekoentzat hain beharrezkoa dena, besteak beste, gaixotasunak hartzeko oso adin ahulean gaudelako". Era berean, publikotasuna "ezinbestekoa" dela azaldu dute: "etxean eta egoitzetan Zainketa Zerbitzu Publikoa behar dugu, espekulazio-enpresek osasuna eta adinekoen zaintza kontrolatzea galarazteko, poltsiko gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan. Ildo horretatik, publikoa eta komuna den guztiaren defentsa egiten dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak