Denboraren orratzek etxe-orratza ere astindu dute, eta berritzera doa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 4a, 08:45

Hiru irudi baten: Zabalotegiko dorrea nola geratuko den; dorrea asteon; eta dorrea, 1967an. Argazkiak: BEB, Goiena eta Bergarako Udal Artxiboa (Toribio Jauregi fondoa).

Ekainean hasi zituzten Zabalotegiko dorrea birgaitzeko lanak, eta 2021eko udazkenean bukatuko dira. 1967an eraikitzen bukatua, orduan populazioan izan zen hazkundeari erantzuteko eraiki zuten, hiri antolamendurako lehentasunak oso bestelakoak zirenean.

COVID-19aren eraginez obra pare bat hilabetez atzeratu ostean, 2020ko ekainean hasi zituzten Zabalotegiko etxe-orratza birgaitzeko lanak. Arrasateko lau dorretan egin duten edota egiten ari diren moduan, obretan ari dira Zabalotegikoan ere. Bergarako Udal Artxiboko dokumentuetan jasotzen denez, 1963an aurkeztu zen Zabalotegiko dorrearen proiektua, eta orduan hasi zen lur eremua desjabetzeko dokumentazioa; etxe-orratza eraikitzen 1967an bukatu zuten.

Baina nola ulertu behar da Zabalotegiko etxeorratza eraiki izana? Zein zen Bergarak garai hartan bizi zuen egoera? Eta zergatik litzateke pentsaezina gaur egun halako etxe-orratz bat eraikitzea?

Industriaren garapenak eraginda

Galdera horiei erantzuteko orduan, lanera zetozen etorkinek sortutako beharra nabarmentzen du Jesus Laskurain aparejadore bergararrak: "Zabalotegiko dorrea 1960ko hamarkadan eraiki zen, Bergarako industriak garapen handia bizi zuen garaian. Labe garaiek eta ehungintzak eraginda, auzo berriak sortu behar izan ziren, eta, testuinguru hartan, beharrak eraginda, eraikin bertikalen aldeko apustua egin zen. Izan ere, herrigunean ez zegoen lur eremu handirik eraikitzeko".

Jesus Laskurain, aparejadore bergararra: "Beharrak eraginda, eraikin bertikalen aldeko apustua egin zen. Izan ere, herrigunean ez zegoen lur eremu handirik eraikitzeko".

Oso antzeko azalpena eman diote GOIENAri BEB arkitektura estudioko Iñaki Berasategik, Elisabeth Enak eta Xabier Berasategik: "Herriko lantegietara lanera kanpotik etorri ziren pertsonentzat etxebizitzak egin behar ziren, eta garai haietan eraiki zen Zabalotegiko dorrea. Dorrea Bergarako erdigunean dago. Gaur egun ezingo zen halako eraikinik egin, orain beste modu batean eraikitzen delako, beste sentsibilitate bat dagoelako. Gaur egun, eraikinak gainerako etxebizitzen ikuspegira integratzen dira".

BEB arkitektura estudioa: "Gaur egun ezingo zen halako eraikinik egin, orain beste modu batean eraikitzen delako, beste sentsibilitate bat dagoelako".

Horixe bera berrestera dator Laskurain: "Goraldian zegoen industriari erantzuteko etxe berrien beharra zegoen eta behar hori lehenetsi zen beste batzuen gainetik. Era berean, orduko sentsibilitate urbanistikoak ez dira gaur egungoak; gaur egun, oinezkoak agintzen du ibilgailuaren aurrean eta ingurunearekin harmonia izatea asko baloratzen da". Hau da, Udalak egun indarrean duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez luke, inondik inora, halako etxe-orratz bat eraikitzea ahalbidetuko. Baina beharrik ere ez litzateke egongo, Bergarako populazioak beheranzko joera duelako aspalditik.

Izan ere, duela 50 urteko Bergarako egoera demografikoa eta gaur egungoa oso ezberdina da. 1960ko hamarkadatik hasi eta 1980ko hamarkada amaierara arte, Bergarak hazkunde nabarmena bizi izan zuelako biztanle hazkundeari dagokionez; 1950ean, 10.400 biztanletik gora zituen Bergarak eta 1981ean 16.000tik gora. Ordutik, beheranzko joera izan du bertako populazioak, iaz 14.637 biztanlera heldu arte.

Egitura konpondu, eta isolatu

Dorreak 53 urte ditu, eta eraikinei egiten zaien azterketa teknikoa egin ondoren birgaitu beharra zegoela ikusi zen. "Alde batetik, esan beharra dago Zabalotegi dorrean hormigoizko egitura fatxadan bistan dagoela, baita zutabe eta habeak ere, eta zenbait lekutan egitura mugitu egiten dela. Eta hori konponduko da esku-hartze honetan. Bestetik, eraiki zenean fatxadetan ez zen isolamendurik jartzen. Gaur egun, aldiz, eraikinen eraginkortasun termikoak garrantzi handia dauka", adierazi dute BEB estudiokoek. Oñatiko Ulma enpresarenak dira isolamendurako plakak; Arrasaten azken urteetan lau dorretan aritu dira energia nabarmen aurreztea ahalbidetzen duten interbentzioak egiten.

Eta badago Zabalotegiko etxe-orratzeko fatxadan egiten diharduten beste lan bat: "Egiturak behar dituen konponketa lanen ostean fatxada aireztatu bat egingo da. Dorreak itxura berria izango du, hiru kolore tonu dauzkaten plaka handiak jarriko dira tartekatuz, eta egungo fatxada ezkutuan geratuko da", zehaztu dute BEB estudioko arkitektoek. 54 metroko altuera duen dorrea izanik, lanak faseka egiten ari dira; betiere, aldamio elektrikoak erabilita. 2020ko apirilean ziren hastekoak, baina pandemiak hor ere eragina izan zuen eta ekainean hasi ziren. Eta lanak atzerapenarekin hasi baziren ere, martxa onean doaz orain eta asmoa da 2021eko udazkenerako etxe-orratzaren kanpoalde guztia zeharo eraberrituta egotea.

17 solairu eta 68 etxebizitza

54 metroko altuera duen Zabalotegiko etxe-orratzak 17 solairu ditu, sotoa eta beheko solairua aintzat hartu gabe. Eta solairu bakoitzean lau etxebizitza daudenez, guztira 68 etxebizitza ditu dorreak; etxebizitza bakoitza 80 metro koadro ingurukoa da. Eraikinaren ezaugarriekin jarraituz, Jesus Laskurainek azpimarratu du gaur egun eraikitzen diren etxe-orratzekin alderatuta nabarmen ezberdina dela: "Zabalotegiko dorreak leiho txikiak ditu lau fatxadetan. Dorre eredu hori oso urrun dago gaur egun eraikitzen diren dorreetatik, orain kristalezko leiho handidunak eta arinak egiten direlako".

54 metroko altuera, 17 solairu eta 68 etxebizitza ditu Zabalotegiko dorreak

Dorreak ez dauka garajerik eta horrek ere argi uzten du duela 50 urteko testuinguruaren eta egungoaren artean aldeak badirela. Gaur egun herri osoan eta, bereziki, erdigunean aparkatzeko arazoak ikusita, pentsaezina litzateke horrenbeste etxebizitza garaje gabe eraikitzea. Izan ere, dorreko eta inguruko bizilagunek oso zail izaten dute Zabalotegi kalean aparkaleku bat lortzea. Zentzu horretan ere asko aldatu da egoera azken 50 urteetan.

Sinbolo izatetik... oztopo izatera?

Erdi Arotik izan dira dorreak garapenaren edo boterearen isla. "Milaka urte direla erabiltzen da arkitektura monumentala besteengandik nabarmentzeko, eta, bereziki, dorre bertikalak. Arkitektura ikuspegitik beti izan dira erronka bat, eta garapen teknologikoaren ikurra; gainera, estatus sozialean ere boterea islatu izan dute historikoki. Zabalotegikoa, baina, ez zen arrazoi horiengatik eraiki, behar batek eraginda baizik", deritzo Laskurainek.

Gaur egungo ikuspegitik, baina, sinbolo izateari utzi diote etxe-orratzek. Eta Zabalotegikoari dagokionez, irisgarritasunaren ikuspegitik oztopo ere bihurtu da. Halaxe berretsi diote GOIENAri etxe-orratzean hasieratik bizi diren Karmen Goyenak eta Ramon Agirrek; 80 urte eta 85 urte dituzte, hurrenez hurren, eta hamargarren solairuan bizi dira. "Igogailuak funtzionatu ez duenean tokatu izan zaigu umeen karroekin eta beste hainbat tramankulurekin hamar solairu igo behar izatea. Behin, transformadorea erre zen eta astebete egon ginen, gutxienez, igogailu gabe. Orduan sasoi hobea nuen egun baino...", dio Agirrek, umoretsu.

Irisgarritasuna hobetu, behartuta

Ataria nabarmen hobetu dela gogoratzen du Goyenak: "Kalera irteterakoan, igogailutik ez zegoen aldaparik gaur egun moduan, eskailerak baizik. Umeen karroa eskaileretatik jaisten genuen, eta gero, atarian, beste hainbat eskailerarekin egiten genuen topo. Hori zen gure egunerokoa. Aldapa jarri ziguten bizilagun bat aulki gurpildunean mugitzen hasi behar izan zenean".

Harremanak "asko" aldatu dira

Auzotarren arteko harremanak "asko" aldatu direla dio Goyenak: "Lehen, ia denok ezagutzen genuen elkar, tratu handia genuen bizilagunen artean. Kafea hartzera bizilagunaren etxera norberak eramandako bizkotxoarekin...

Ramon Agirre, 85 urte dituen dorreko bizilaguna: "Etorri ginenean gazteak ginen nagusi, guraso gazteak eta umeak. Bizitasun handia zegoen"

Orain ez da halakorik gertatzen, orain ez dugu traturik ia inorekin". Era berean, auzoa zahartu egin dela dio Agirrek, eta duela 50 urteko egoerarekin alderatuta bizitasuna nabarmen galdu duela dio: "Gu etorri ginenean gazteak ginen nagusi, guraso gazteak eta umeak. Gogoratzen dut kaletik bueltan etxera gentozenean emakumeak etxe atarian egoten zirela umeak zaintzen, eguzkia hartzen... Bizitasun handia zegoen". Populazioaren zahartzea eta auzoko bizimodua erabat aldatu dela, baina, ez da Zabalotegiko errealitatea bakarrik... 

 

1967tik bertan bizi izaten, "pozik"

Ramon Agirre eta Karmen Goyena, martitzenean, etxeko egongelan.

Ramon Agirre (Bergara, 1935) eta Karmen Goyena (Oñati, 1940) hasieratik bizi dira dorrean. "Abuztuan bete genituen 54 urte hemen", esan dio Agirrek kazetariari ziurtasun osoz, etxeko egongelako sofatik. 1967ko maiatzaren 22an egin zen etxeen zozketa, Karmenen urtebetetze egunean. "Zaragozan jaio arren oso gazte etorri nintzen Oñatira; 1967an Oñatin bizi ginen eta Ramonek deitu zidan esanaz hamargarren solairua tokatu zitzaigula; ordutik pozik gaude, eta hemen jarraitu nahi dugu".

Etxeagatik 285.000 pezeta ordaindu zuten, diruaren balioa izugarri aldatu den seinale: "Orduko etxe merkeenetakoak ziren, baina orduan diru asko zen 285.000 pezeta, hamahiru urtean ordaintzeko kreditua eskatu genuen eta". Oso gutxi dira etxeorratzean eurek beste urte daroaten bizilagunak: "Adinean aurrera egin ahala etxea saldu dute batzuek, beste batzuk hil egin dira, erretiratu eta euren jaioterrira itzuli direnak ere badaude... Oso gutxi gara hasieratik hemen bizi garenak".

Etxe barruan, diotenez, ez dute obra handirik egin: "Beste bizilagun batzuek denetik egin dute: trastelekuan sukaldea jarri, sukaldea eta egongela bateratu... Guk hasierako distribuzioa dugu, luxurik gabe. Gure lan aipagarriena izan da balkoia jartzea; zuloz betetako pareta bat genuen orain balkoia dugun lekuan, arropa sikatzeko eta aireztatzeko erabiltzen genuena. Kartzela ematen zuen... Denborarekin, pareta hori kendu eta balkoia jarri ziguten, plataforma bat jarrita; obra hori 100.000 pezeta ordaindu genuen".

Balkoiak konfinamendua eramangarriagoa egin badie ere, gogorra izan da bereziki Agirrerendako, osasun arazoengatik: "Bi hilabete egin nituen minarekin, oso gogorra izan zen niretzat etxean egon behar izatea. Eta okerrena da ez dakigula hau noiz bukatuko den; nork esango zigun halakorik biziko genuenik...".

IDAEren eta Jaurlaritzaren laguntzak

Espainiako Gobernuaren IDAE institutuak ematen duen laguntza jaso dute Zabalotegiko dorrea birgaitzeko lanek. Izan ere, energia-zerbitzuetako enpresak finantzatzeko programak dauzka IDAEk, erabilera termikoko energia berriztagarriak ezartzeko proiektuak garatzeko. Gainera, Jaurlaritzaren laguntza ere jaso dute jabekideek, etxebizitzak birgaitzeko programaren barruan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak