Udala berrantolatu dute, "bergararren gaur egungo beharrei hobeto erantzuteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 24a, 17:15

Gorka Artola alkatea; atzean, Juan Luis Gonzalez, Ekaitz Aranberri eta Ainhoa Lete.

Bergararren "gaur egungo beharretara" egokitzeko 14 batzordetatik hiru izatera pasatu da Udala eta, gobernuak dioenez, antolaketa berriarekin modu "eraginkorragoan eta koordinatuagoan" emango dute zerbitzua. Eredu hau martxan dago Tolosan, Legazpin eta Zarautzen, besteak beste.

Uztailaren 20ko osoko bilkuran onartu zenez, irailean Udala antolaketa berriarekin hasi da funtzionatzen. Helburuak dira Udaleko batzorde informatzaileen funtzionamenduan eta eraginkortasunean eragitea, departamentu ezberdinen arteko koordinazioa erraztea, planifikazioa hobetzea eta herritarrei erantzuna egokitu eta azkartzea.

Atzo arratsaldeko agerraldian Gorka Artola alkateak esan zuenez, aurreko agintaldian hasi zen prozesua, Bergararren Arreta Zerbitzuaren sorrerarekin eta aholkularitza enpresaren kontratazioarekin: "Agintaldi honetan, egindako lanari jarraipena eman eta eraldaketa martxan jarri dugu. Garbi daukagu gizartean etengabeko aldaketak gertatzen direla, eta horiei guztiei erantzun ahal izateko etengabeko hobekuntza batean murgilduta dago Udala ere. Orain martxan jarri dugun antolaketa eman beharreko aldaketen hasiera da. Udalaren funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko pauso garrantzitsua, baina, dudarik gabe, jarraipena eman eta hobekuntzak egiteko aukera irekita uzten duena".

Nola igarriko du herritarrak?

Antolaketa berria martxan jartzeko, lan-esparru guztiak hiru multzo handitan antolatu eta departamentuetako lan dinamikak eraldatu eta sistematizatu dira, eta prozedurak azkartu. Udal barruko antolaketa goitik behera aldatu izanak herritarrari zehazki nola eragingo dion galdetuta, honako hau dio Artolak: "Batetik, hainbat prozeduratan herritarrari emango zaion erantzunean denbora azkartu egingo da; hau da, batzordeetatik ez pasatuta eta sistematizatuta egonda, erantzuna azkarrago eta hobeto ematea ahalbidetuko du. Bestetik, koordinazio mahaia egoteak ekarriko du, adibidez, antolatzen diren ekintzek ez kointziditzea, esaterako, kirol, kultura edo gizarte zerbitzuetako egitarauetan. Izan ere, saiakerak egin izan diren arren, sailak euren artean horren isolatuta eta estanko egoteak deskoordinazioa sortzen du eta berrantolaketa honekin disfuntzio horiek ekiditea lortuko dugula sinistuta gaude".

Hamalau batzordetik, hiru izatera

Aldaketa nabarmena batzordeetan gertatu da, 14 izatetik hiru izatera pasa dira eta. Honako hauek dira hiru batzorde berriak, hileroko maiztasunarekin egingo direnak: lurralde arloko batzorde informatzailea, herritarren arlokoa eta antolakuntza arlokoa. Eta, bestetik, "koordinazio tekniko-politikorako taldeak" sortu dira, aurrez hartutako erabakien exekuzioa kudeatu, jarraipena egin eta planifikazioa lantzeko erabiliko direnak; udal teknikariek eta Gobernuko politikariek hartuko dute parte bertan. Lau koordinazio talde egongo dira: eremu bakoitzeko bat –lurraldea, herritarrak eta antolakuntza–, eta koordinazio orokorra bideratuko duen taldea. "Kultura Saileko arduraduna Kultura zinegotzia izango da aurrerantzean ere; sortzen dena da figura bat arlo bakoitzean sail ezberdinak koordinatuko dituena".

Hiru batzorde eta lau koordinazio mahai dira guztira, "funtzionamenduan hobetzeko" asmoz

Martxan beste herri batzuetan

Udal antolaketa berria martxan jarri duten herrien artean daude, besteak beste, Tolosa, Legazpi eta Zarautz; EH Bildu eta EAJ daude gobernuan herri horietan. Hain zuzen, Artolak uste du adostasun politikoak garrantzi handia duela halako erabaki batean. "Uztailean EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, baina uste dut forma kontuak izan zirela. Berrantolaketa beharra guztiok konpartitzen dugula uste dut; argi daukagu Udalak asko duela irabazteko eta herritarrek hobekuntzak igarriko dituztela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak