San Migelen agerkundeari eskainitako eliza

Mireia Bikuña 2020ko ira. 23a, 09:00

Angiozarko San Migel Monte eliza

San Migel eguna irailaren 29an ospatzen dute leku gehienetan. Baina, Angiozarko San Migel Monte ermitan, maiatzaren 8a ospatzen dute. Hasieran, uste zen zegoen lekuarengatik izango zela. Izan ere, Goimendi auzoan dago. Bada, gerora jakin dute San Migelen agerkundearen omenezko baseliza dela.

Betidanik egon izan da San Migelen agerkundeari eskainitako baseliza Goimendin. Jatorrizkoa, Kanpanzarren. Jaia ospatzen zen maiatzaren 8an, eta urteko uztak San Migelen babesean antolatzen zituzten auzotarrek. Frantziako Errepublikako gerran, bizkaitarren babeserako trintxerak baselizaren alboan ipini zituzten. Ondorioz, baseliza txikituta geratu zen. "Eraikin horren fundazio liburuan jasotzen da auzotarren ekimenez eraiki zutela baseliza berria. Baseliza barik egon ziren bitartean, uztak oso txarra izan ziren, eta auzotarrek uste zuten santuaren babes faltarengatik zela", dio Mikeok.

Hori horrela, auzoan zeuden hamalau baserrietako bizilagunak ados ipini ziren, eta Angiozarko seme Juan Angel Otxoari eliza berriarendako lekua aukeratzeko eta proiektua idazteko eskatu zioten. "Otxoa perito agrimensor delakoa zen. Egungo arkitektoa. Hark egindako proiektua lehiaketara atera zen, eta, hainbat eskaintzaren artean, Jose Joaquin Elkoro elgetarrarena aukeratu zen lanak egiteko. Lanen bedeinkapena Manuel Laspiur bikarioak egin zuen.

Egun duen itxura 1963an hartu zuen ermitak, 1820an elizpea gehituta. Fundazio liburuan zehazten denez, oinezkoei aterpea eskaintzeko eta batzarrak egiteko lekua izango zen.

San Migel lapurtu guran

Era berean, ondorioak utzi zituen 36ko gerrak San Migel Monte baselizan. Tarte hartan, galdu egin zen San Migelen irudi barrokoa. Buru barik eta erdi erreta topatu zuten karobian. Zaharberritu egin zuten, eta, urte batzuk geroago, lapurtzen saiatu ziren. "Leihotik ateratzen ahalegindu ziren, eta berriro apurtu zen", gogora ekarri dute auzotarrek. Gerrak eragindako kalteak konpontzeko, 360 pezetako aurrekontua onartu zuten auzotarrek. 1938ko maiatzaren 8an bedeinkatu zituen eraberritze lanak Ildefonso Artetxek.

Labrazako taulak

Goimendiko baselizak dituen elementu garrantzitsuenak Labrazako taulak dira. 2013an, azken eraberritzea egin zeneko 75. urteurrenean, Labrazako San Migel parrokian dauden taulen erreplikak egiteko baimena eskatu zuten auzotarrek. San Migelen agerkundea erakusten dute taulek –lau dira–, eta Pizkunde garaikoak dira. Egilea nor den ez dakite

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak