Enkargu bat izan da; zer jasotzen du dokumentalak?
Gustura jaso nuen Bainet-ekoen proposamena, baina hasieran ez nekien nondik nora jo. Ez nuen gertutik ezagutzen Juan Mari Arzak, baina kamera aurrean elkarrizketak egiten hasi eta poliki-poliki istorioa ateratzen hasi zen. Elena Arzak da gaur egun jatetxean pisua daramana, baina Juan Mari han izaten da egunero. Arzak etxearen erretratua eta Euskal Herriko sukaldaritzaren iraultza eta bilakaera jaso dugu hemengo eta kanpoko askotariko ahotsen bitartez.
Juan Mari eta Elena dira protagonista nagusiak, baina zeintzuk gehiago daude?
Denetarikoak daude: familiako eta Arzak etxeko langileak, sukaldaritza alorreko aurpegi ezagunak eta Juan Mariren lagunak... Martak, Elenaren ahizpak, adibidez, tarte polita dauka, berak kanpotik ikusten du aitaren eta ahizparen arteko erlazioa, begirada polita dauka. Arzak-eko laborategiko taldea ere asko inplikatu da.
Emaitzarekin gustura?
Bai; protagonistei eta familiari erakutsi genien eta proba ondo pasatu zuen. 70 minutu ditu eta publiko guztiarentzako da. Erraz ikusten da. Pertsonaia xelebrea da Juan Mari, egia esan, eta barre egingo duzue.
Zer moduz ari zarete filma aretoetan saltzen?
Egoera honekin ez da erraza, film guztiak blokeatuta daude, baina Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan hainbat areto lotu ditugu. Proiekzioak egin ditugu eta oso onak izan dira, jendea pozik atera da.
Eskarmentuko lantaldea izan duzu; tartean, Mursego musikaria. Zer moduz? Gozatua da harekin lan egitea; soinu banda oso polita egin du, eta sorpresatxo bat ere badago, Juan Mari kantuan jartzea lortu du Maitek.
Zer duzu orain esku artean?
Aspalditik nabil Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako Karmele filmaren gidoia lantzen. Bidaia asko daude eta garaiko filma da; horregatik, produkzio konplikatua du. 2022an grabatzeko asmoa dugu. Koldo Almandozekin batera egin dugun Hondar ahoak telesaila ere muntatzen ari gara.