Manu Diaz: "Emakumezkoen futbolarekiko dugun ilusioa kutsatu nahi dugu"

Xabier Urtzelai 2020ko ira. 11a, 17:06
Manu Diaz, aste barruan, ondo ezagutzen dituen Agorrosingo harmailetan. Argazkia: Ibai Zabala.

Gipuzkoako Futbol Federazioak aire berritua behar duela sinistuta aurkeztu zuten egubakoitzean Garai berriak plataforma berria Donostiako Aquariumean. Manu Diaz bergararra da presidente izateko hautagaia; taldearen indarra nabarmendu du.

Garai berriak da plataformaren izena. Izenak berak zuen intentzioa erakusten du.

Bai, nik uste dut baietz. 32 urtez Gipuzkoako Futbol Federazioak kudeaketa sistema berberarekin funtzionatu du, eta hori aldatzeko lagun asko batu gara. Klub askotako ordezkariak gaude, profil profesional interesgarrietakoak, eta Federazioari norabide berri bat emateko asmoarekin gaude.

Egungo presidente Juan Luis Larreak urte luzez dihardu Federazioan.

Gipuzkoako kluben artean hausnarketa prozesu bat zabaldu genuenean konturatu ginen ez zutela Federazioa bera gertu sentitzen. Uste dugu gaur egun Futbol Federazioa txapelketak antolatzera mugatzen dela eta beste behar batzuei ere erantzun behar diela Federazioak. 

Zertan oinarritzen da zuen proiektua?

Bereziki, bi euskarri ditugu. Batetik, klubak eta jokalariak eurak erdigunean jarri nahi ditugu. Eta hor sartzen ditugu jokalariez gain entrenatzaileak, epaileak... Klubek egunerokoan ze zailtasun dituzten ikusi, emakumezkoen futbolak zer behar dituen aztertu... Horretarako, estamentu horiekin guztiekin berba egin behar da. Eta bestetik, uste dugu futbolak gizartearen aurrean beste jarrera bat izan behar duela. Izan ere, futbolean irudi negatiboak ikusten ditugunean sekulako oihartzuna izaten dute, baina, kontrara, gauza positiboak eginez aukera ederrak ematen ditu: inklusioaren ikuspuntutik, formazioan, berdintasunean, parekidetasunean...

Orain momentuan, hamazazpi lagunetatik bi dira emakumezkoak.

Halaxe da, eta bi emakumezko horiek profil profesional oso interesgarria dute, gainera. Taldea ofizial egiten dugunean, hau da, zerrenda osoa dugunean, emakumezko gehiago izango ditugu, seguru. Arlo askotako lantaldea batu dugu: finantza munduan adituak, kirol jardueran dihardutenak, klubekin hartu eman zuzena dutenak, marketin adituak... Uste dut talde oso polita dugula.

Gipuzkoako klub askotako ordezkariak dituzue; Debagoienean bergararrak nabarmentzen dira.

Bai; BKEko egungo presidente Iosu Elorza dugu, eta baita Javi Ibarra presidenteordea ere. Eta Josu Zubia aretxabaletarra ere gurekin dago. Bailaran askok ezagutzen dute Josu Zubia, talde askotan ibili delako entrenatzaile lanetan, eta oso profil interesgarria du; Zubiarekin kirol egokituan ekarpen handia egin genezakeela uste dugu.

Bergaran azken urteotan lan nabarmena egin duzue emakumezkoen futbolaren alde. Eta hau modu pertsonalean bizi izan duzu.

Bai, esango nuke erronka pertsonala dela niretzako. Bizitza osoa gizonezkoen futbolean murgilduta egon eta gero, hiru urtez egon nintzen emakumezkoen taldeko entrenatzaile, eta esperientzia hark erabat markatu ninduen. Konturatzen naiz emakumezkoen futbolaren gainean berba egiten dudanean emozionatu egiten naizela, eta ilusio hori Gipuzkoako Futbol Federazioan ikusi nahi dugu. Horretarako, Estibaliz Bajo dugu gurekin; Añorgan, Realean, Oiartzunen eta Athleticen jokatu du eta ADEn lizentziatua da. Berak izango du emakumezkoen futbolaren ardura, baina ondoan izango nau laguntzeko.

Euskal selekzioaren gaia hor dago.

Azken urteotan nahiko epel egon gara gai horren bueltan. Konturatu behar dugu Gipuzkoako Federazioko presidentea Espainiakoa ere izan dela. Eta horrek eragin zuzena du. Guk argi daukagu: legedia eta arauak errespetatuz, euskal selekzioaren alde lan egin behar dugu nazioartean lehiatu ahal izateko. Garbi dago futboletik harago gizarte mailako gaia dela, eta politika dagoela tartean, baina hori izango da gure jarrera.

Eskola kirolaren bueltan ere ikamikak egoten dira sarritan.

Aspaldidanik datorren gaia da hori. Hasteko, gure lantaldean hezitzaileak daude, heziketa fisikoan lanean dihardutenak... Hala, guk bat egiten dugu Diputazioak duen irizpidearekin. Hau da, uste dugu multikirola onuragarria dela, eta txikiekin kirol intentsiboa murriztu egin behar dela. Gainera, epe luzerako baliagarria izango den hitzarmen bat behar dugu, urtero eskola kiroleko modeloa zalantzan jartzeak ez duelako zentzurik.

Bide batez, asteburuan azalpenak eman behar izan dituzu, sare sozialetan Athleticeko zale zarela aitortu izan duzulako.

Bai, eta ikusi dugu antolatutako kanpaina bat izan dela, eta badakigu nondik datorren. Gure helburua kanpaina zintzoa egitea da, eta ez dugu halako eztabaidetan sartu behar. Hala ere, uste dut oso debate pobrea dela. Gipuzkoan denok ezagutzen dugu elkar, eta jendeak badaki bizi osoan Bergarako klubaren alde lanean ibili naizela, eta Bergarak beti izan du Realarekin hitzarmena. Hala, bazkidetxartel bakarra izan dut, eta BKEkoa da. Hortik aurrera? Nire taldeak dira Aloña, Mondra, UDA, Intxurre, Antzuola, Lagun Onak, Zumaiako, Mariño, Goierrigorri, Beasain, Tolosa, Anaitasuna... Guk horien alde egingo dugu lan. Eta horiekin batera, Eibar eta Reala ere oso garrantzitsuak dira guretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak