Sanmartinetako ekitaldi maitatuenetakoa, balkoi eta leihoetatik aurten

Jone Olabarria 2020ko ira. 13a, 10:16

Indarrean dagoen legediak ez du danborrada gisako ekitaldirik egitea baimentzen; hortaz, udalaren Youtubeko kanaletik jo beharko dute aurten danborra herritarrek

Euriak zapuztu nahi izan bazuen ere, inoizko danborradarik jendetsuena izan zen iazkoa Bergaran: guztira, 700 lagun inguruk hartu zuten parte 2019an. Hainbat urtez gainbeheran egon zen danborrada bereziko indartsua izan da azken urteetan, talde berrien inkorporazioarekin eta herriko gazteen parte hartze oso handiarekin. Aurten, baina, indarrean dagoen araudiak ez du baimentzen danborraden gisako ikuskizunik, eta, hortaz, aurtengo sanmartinetarako beste irtenbide bat proposatu du Udalak: irailaren 15ean, bi makila hartu eta bakoitzak bere balkoi edo leihotik San Martin martxajotzeko gonbita egin du Bergarako Udalak, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta, beste urte batez, kalean ezin bada ere danbor hotsek herriko kaleak bete ditzaten.

Bergarako Udalak Youtube plataformako kanaletik eskainiko du martxa eta bertatik jarraitu ahalko da: nagusien danborradari dagokiona irailaren 15ean, 22:30ean, eta haurrena hilaren 16an, 17:00etan.

Estanpa, mendeurreneko protagonista

Bergarako herriak halako ikuskizunak antolatzen izan dituen eta egun ere baduen tradizioari jarraiki, San Martin martiriaren heriotzaren laugarren mendeurrena ospatzeko San Martinen estanpak egin zituzten udal pilotalekuan, 1997. urtean. San Martinen bizitzaren eta heriotzaren antzeztutako pieza hura, guztira, 4.000 lagunek ikusi zuten, lau saiotan banatuta, baita ETBk egindako saio berezi batean.

Bi ordu iraun zuten emanaldietan 400 herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte; 110 musikarik, 150 abeslarik eta 170 aktorek. 1957an estreinatutako Euskal Estanpetarako Miguel Gonzalez Bastidak idatzitako San Martinen Estanpa partituran oinarrituta zegoen, musika herrikoiarekin eta bergarako hainbat ohitura tartekatuz. Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Valen Moñux izan ziren musika eta eszena arduradunak orduko hartan.

San Martinen Estanpa(1997-02-01) ikuskizunerako idatzi zuen Miguel Angel Elkoroberezibarrek San Martin: Gurutzebidea eta Bidegurutzea (1597-1997)  liburua. 26 martiriren gurutziltzaketaren laugarren mendeurreneko ospakizunekin batera egileak 1996ko azaroan San Martin gurutziltzatu zuten Nagasakiko Nishizaka mendixkan dagoen 26 Martirien Museoa bisitatu ostean egin zuten liburuxka.

Danborradaren moldaketak

Udal biltegitik irten eta San Martin plazaraino danbor hotsak protagonista diren bitartean, behin plazan, Miguel Gonzalez Bastidaren Nagasaki martxak protagonismoa hartu eta San Martinen gurutziltzaketaren errepresentazioa egin ohi da.

2012. urtean, San Martin Agirreren kanonizazioaren 150 urteurrena zela eta, zenbait aldaketa egin ziren danborradan eta baita osteko errepresentazioan ere. Kaleen sonorizazioa hobetzeaz gain, urte hartatik aurrera gurutziltzaketaren errepresentazio luzeagoa eta landuagoa egin zen. Izan ere, Gonzalez Bastidak 1967. urtean sorturiko Nagasaki pieza hura dantza modura sortua izan bazen ere, gutxitan ikusi zuten herritarrek hala, eta bide horretan berreskuratu nahi izan zuten Valen Moñuxek, gurutziltzatzearen arduradun eszenografikoak, eta herritar talde zabal batek.

Koreografiak eta eszenifikazioak 2012tik hainbat moldaketa jasan dituen arren, japoniar inspirazioarekin sortua izan zen. Bandaren laguntzarekin, geishek eta japoniar gorteko soldaduek hartzen dute protagonismoa bertan. Koreografiari dagokionez, aurpegien espresioari eta eskuen mugimenduari garrantzia eman nahi izan zioten emanaldia sortzeko orduan.

Bergaran ala Beasainen?

Bergararrek herriko figura modura hartu zuten aspaldi San Martin Agirre, baina litekeena da gurutziltzatua hil zen San Martin hura ez izatea Agirrekoa, baizik eta Loinazkoa, eta ez izatea bergararra, baizik eta beasaindarra. Izan ere, San Martinen bizitzaren lehen lekukotza zehatzak ikasle garaikoak dira, eta horri esker dakigu Madrilgo Alcalako Unibertsitatean ikasi zuela.

Bere jaiotzaren datuak, baina, ez dira guztiz argiak . Bergaran zabaldutako teoriaren arabera, Martin Agirre Arrijola 1567ko irailaren 11n jaio zen, Bergarako Kokote auzoko Zabaleta-Txiki baserrian. Beasaindarrek, ordea, Martin Loinaz Amunabarro 1566ko uztailaren 16an Beasaingo Amunabarro baserrian jaio zela uste dute.

Egun lehiarik ez dagoen arren, antzina garrantzi handiko kontua zen. Hala, 1928. urtean, San Martin Agirreren omenezko prozesioa debekatu zuen apezpikuak, beasaindarren alde eginda. Herritarrek, baina, prozesioarekin jarraitzea erabaki zuten, nahiz eta apaizik ez zen izan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak