Eskolaz kanpoko jarduera nagusiak martxan dira Bergaran ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 11a, 12:05

Martitzen arratsaldean hasi zuten ikasturtea musika eskolan.

Musika eskolak, futbolak, eskubaloiak, saskibaloiak, igeriketa taldeak eta pilota sailak abiatu dute ikasturte edo denboraldia, normaltasun berrira egokituta; egoera zaila bizi dute bereziki eskubaloiak eta saskibaloiak, Labegaraietako kiroldegia obretan dago-eta.

Hezkuntza komunitatearen gehiengoak astelehenean ekin zion ikasturte berriari, normaltasun berrira egokituta (Ikus 4. orria). Hala ere, herritar gehien batu ohi duten eskolaz kanpoko jarduerak ere abiatu dira: "Ilusioz, baina kezkaz". Musika eskolan, esaterako, martitzenean hasi ziren. "Aurkezpena eta instrumentuen araberako ordutegien banaketa presentziala izan da orain arte, baina aurten telefono bidez egin dugu", zehaztu du eskolako zuzendari Marije Ugaldek. COVID-19ari aurre egiteko ondo prestatuta daudela dio: "Uztailean dena ondo antolatuta utzi genuen eta irailerako dena genuen prest. Oso gogotsu gaude ikasturteari ekiteko".

Gainera, klase asko partikularrak izanda eta gelak handiak direnez, neurriak zorrotz betetzea bermatuta dute: "Gela guztietan ditugu leiho handiak aireztatzeko, pasillo eta sarrera zabalak ditugu... Zorte handia dugu alde horretatik". Gainera, herriko bandak eta orkestrak orain Zabalotegin entseatzen dutenez, gela hori erabili dezakete eskola barruko talde handiagoen entseguetarako, eta positiborik balego ere gertu dute isolamendu gela: "Ea ez dugun erabili beharrik".

Ikasle kopuruan aldaketa gutxi

Matrikulazio epea irailaren 25era arte dago zabalik, eta bi modu daude: 943 76 57 80 telefono zenbakira deituta edota bme.e.telefonica.net helbidera idatzita. Ugaldek dioenez, ez dute jaitsiera handirik espero matrikulazioetan: "Gaur-gaurkoz, 550 bat ikasle gara eta ez gaude beste urte batzuetako kopurutik urrun". Hori bai, erabateko inkognita dena da ea noiz helduko diren eskolaz kanpoko emanaldiak. "Entseguak dira gero egiten den lana kaleratzeko, baina, oraingoz, erabatekoa da ezjakintasuna. Ea gauzak ez diren gehiago okertzen...", dio Ugaldek.

Futbola: 300 jokalari, 16 talde

Kirol jardueretan ere hainbat bergarar dabiltza urtero. BKEko futbol sailak, adibidez, 300 jokalari federatu baino gehiago izango ditu 2020-2021 denboraldian, 16 taldetan banatuta –horietatik bost emakumezkoak dira– eta futbol eskola kontatu gabe. "Orain artekoak entrenamendu saio lasaiak izan dira, erritmoa hartzen hastekoak. Neurri berrietara ohitzeko ere balio izan dute: tenperatura kontrola, distantziak... Aldagelak ezin erabiltzea da arazo handiena, eta lan saioen iraupena ere moztu egingo dugu jokalari pilaketak ekiditeko", dio elkarteko presidente Iosu Elorzak. Aste honetan Euskal Ligako eta gainontzeko Ohorezko taldeak itzuli dira eta hurrengo asteetan hasiko dira beste guztiak. Infantilak, alebinak eta futbol eskolakoak noiz hasiko diren zehazteke dago.

Eskubaloia eta saskibaloia: pandemiaz gain, kiroldegi barik

BKEko eskubaloi eta saskibaloi sailekoen egoera askoz konplikatuagoa da: pandemiari gehitu behar zaio gutxienez urtarrilera arte kiroldegi barik egongo direla. Izan ere, Labegaraietako kiroldegia eraberritzeko lanen amaiera data 2021eko urtarrilerako dago zehaztuta, baldin eta ez atzerapenik ez badago. Eskubaloikoak martitzenean hasi ziren entrenatzen, Martinez de Irala ikastetxeko gimnasioan. "Oso txikia da gimnasioa, eta Labegaraietan eskura genituen hainbat gauza igartzen ditugu faltan. Baina hau da duguna eta aurrera egin beharko dugu. Ez dakigu liga noiz hasiko den eta oraindik zehaztu gabe dago zein kantxatan lehiatuko garen; hasiera oso gogorra izango da", dio Josetxo Muniategik. 120 bat jokalarirekin abiatuko du ezohiko denboraldia, emakumezko hiru talderekin eta gizonezko bostekin.

Saskibaloikoak, berriz, Mariaren Lagundian hasi dira entrenatzen. Hamar talde dira, emakumezko bost eta gizonezko bost; 110 bat jokalari. "Dena dago airean, hartzen dugun edozein erabaki alda daiteke. Pandemia min handia ari da egiten", dio Marian Mellado arduradunak.

Ura sentitu nahi duten 85 igerilari

Martxotik uretan entrenatu gabe egon ostean, eguaztenean bueltatu ziren igeriketa taldekoak. "Euskadiko txapelketarako egin genuen lan guztia ezerezean utzi zuen birusak; uretan konstantea izan beharra dago, bestela berehala galtzen da-eta sasoia. Kadeteak baino gazteagoak dira gehiengoa gurean eta eurak ere entrenatu ahal izateko lanean ari gara; izan ere, gazteenak dira kirola egiteko behar handien dutenak euren garapenerako", dio Xabi Labaka entrenatzaileak. 85 igerilari dira guztira, eta ez dute lehiatzeko datarik: "Arduradunaren arabera, ez da lehiaketarik aurreikusten urtarrilera arte; lehiaketak ematen digu entrenatzeko pizgarria, baina hau da egoera".

Pilotan ere "hainbat buruhauste"

Irailaren 3an hasi ziren federatutako pilotariak entrenatzen, kadete, gazte eta senior mailetan. Infantilekin eta gazteagoekin ez dute zehaztuta zer egin, Diputazioaren zain daudelako. 27 pilotari dira taldean. "Hainbat protokolorekin aritu gara eta arduradun bat izendatu dugu positiborik izango balitz harengana jotzeko... Egoera ez da erraza", dio zuzendaritzako Julen Aranburuk. Gaur jokatuko den Soraluce txapelketako finalerako ere "hainbat buruhauste" dituzte: "Elkarteko kide batzuk mobilizatu beharko ditugu dena ondo antolatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak