Sanmartinetako azoka handirik ez da egongo bihar, baina egongo da bertako eta sasoiko produktuak erosteko aukera. Izan ere, araudiak baimentzen duenez, azoka mugatu bat egitea erabaki zuen Udalak, eta herriko, bailarako zein gertuko hamar ekoizle gonbidatu dituzte udako produktuak salgai jar ditzaten. Fraiskozurin egingo da azoka, 09:30etik 14:00etara, normaltasun berrira egokitutako neurriekin; zirkuitu bat zehaztuko dute, segurtasun distantzia ahalik eta ondoen errespeta daitezen.
Fraiskozurin egingo da azoka, 09:30etik 14:00etara, normaltasun berrira egokitutako neurriekin; zirkuitu bat zehaztuko dute, segurtasun distantziak ahalik eta ondoen errespeta daitezen.
Hamar ekoizletatik laurekin egon da GOIENA, biharko azoka berezirako prestaketak nola joan diren galdetzeko: Ane Gorosabel, Amaia Laskurain eta Txomin Alberdi, Joxe Lonbide eta Tomas Larrañaga.
Gorosabel: saltzeko itxaropentsu
Ane Gorosabel arrasatearrak dio uzta ona izan dutela Bergarako Elkoro baserrian: "Uda lehorra izan dugu, bero handiarekin eta ur gutxirekin. Horrek ekarri du, adibidez, lekak ohi baino lehenago lehortzea eta kalabazak beste urte batzuetakoak baino txikiagoak izatea. Baina, orokorrean, ondo joan da". Udako askotariko barazkiak eramango ditu bihar Fraiskozurira: tomateak, piperrak –morroiak, italiarrak, pipermina eta landetakoak, besteak beste– erremolatxa, berenjenak, patatak, tipula, potxak, arrautzak, zukuak...
Sanmartinetako ohiko azoka ona izan ohi da baserritar gaztearendako: "Oxirondoko plazan jende asko elkartu ohi zen, eta giro polita sortu. Herritarrei gustatzen zaie gertuko ekoizleekin egotea eta bertako produktuak erostea. Bizi dugun egoera ikusita, azoka murriztua izango dela eta beste leku batean izango dela jakinda, ikusteke dago salmenta aldetik nola joango den... Hala ere, baikorrak gara eta badugu itxaropena ondo saltzeko; bizi dugun garai ero honetan balio handia hartu dute gertuko erosketek".
Konfinamendua baserrian "eramangarriagoa" egin zaiela dio Gorosabelek: "Pisu batean sartuta egon behar izan dutenekin alderatuta askoz hobeto egon gara baserrian, zalantzarik gabe; gure lana ez da gelditu eta ahalbidetu digu, behintzat, aire librean ordu asko egitea. Lanerako denbora gehiago izan dut eta pertsonalki ondo eroan dut". Salmentetan aldaketak egin behar izan dituzte eta biharkoa moduko azokak "oso garrantzitsuak" dira eurendako. "Azken hilabeteetan askotan hitz egin da bertakoaren eta sasoikoaren garrantziaz kontzientziatu garela, baina hori ere ikusteke dago; ea bizitakoa ez dugun ahazten...", gaineratu du ekoizle arrasatearrak.
Lonbide: saria frutetan, iaz
Aretxabaletako Joxe Lonbideren arabera, ona izan da aurtengo uzta. "Gauak hotzak izan dira uda honetan eta horrek kalte apur bat egin dio uztari. Hala ere, zapatuko [biharko] azokarako askotariko produktuak ditut gertu". Tomateak, askotariko piperrak, berenjenak, dozena erdi meloi, lekak, kalabazinak, zerbak eta askotariko frutak eramango ditu. 30 urtetik gora daroatza Lonbidek sanmartinetako azokara joaten, baina aurtengo egoeraren antzekorik ez du bizi izan.
Bergarako azoka nolakoa den galdetuta, honako hau dio: "Azken urteetan beherantz zihoan nabarmen, orokorrean azoka guztiekin gertatzen den bezala". Horrez gain, lehiaketarik ez egotea ere penaz hartu du Lonbidek; ezin da ahaztu iazko azokako fruten lehiaketan hirugarren saria eskuratu zuela.
Larrañaga: Bergarara itzulera
Antzuolako Lapatza baserriko Tomas Larrañaga aspaldiko partez itzuliko da sanmartinetako azokara. "Lehenago, urtero joaten ginen, eta urte batzuetan joateri utzi genion. Lehiaketarik ez da egingo, erakusketa eta salmentarako bakarrik izango da. Baina kalean egongo gara berriro, hori ona da". Uztaz galdetuta, tomatearekin gertatutakoa jarri du adibide gisa Larrañagak: "Udaberria oso freskoa eta umela egin zuen; kanpoan ez dago tomate askorik, baina berotegietan ondo joan da azken hilabetera arte. Izan ere, azken hilabetean bero larregi egin du eta tomate batzuk erre edo egosi egin dira. Tomate ona dago, baina uste dut beste urte batzuetan hobeak egon izan direla".
Askotariko gaztak Antzuolatik
Antzuolan duten gaztandegian dihardute buru-belarri Amaia Laskurainek eta Txomin Alberdik. Diote COVID-19ak ez duela eragin handirik izan ekoizpenean. Salmentetan, baina, eragin zuzena izan du birusak: "Azoka berezietan saltzen genuen orain arte, baina orain ez direnez egiten, beste modu batzuk bilatu behar izan ditugu. Horregatik, Bergarako, Oñatiko eta Antzuolako ohiko azoketan egoten gara, eta baita Biolurrek antolatzen dituen azoka ekologikoetan ere".
Hiru gazta mota eramango dituzte Fraiskozurira bihar: gazta ondua, hainbat zapore dituzten gazta laktikoak eta mami biguna duten gaztak; gazta urdina eta beste indartsuagoak bukatu egin zaizkiela diote. Iazkoa izan zen sanmartinetako lehen azoka eta oroitzapen ona gordetzen dute: "Iazkoa ona izan zen guretako. Gaztandegia Antzuolan izanda jendeak ezagutzen gaitu eta horrek beti errazten du salmenta".
Gertuko hamar ekoizleren gutiziak salgai
Bertako ekoizleen lanari balioa emateko eta, ahal den heinean, laguntzeko, Udalak azoka murriztua antolatu du. Fraiskozurin egingo dute, normaltasun berrira egokitutako neurriekin.
Gertuko hamar ekoizle izango dira bihar Fraiskozuri plaza ondoko errepidean egingo den azokan.
Gertuko hamar ekoizle izango dira bihar Fraiskozuri plaza ondoko errepidean egingo den azokan: Mari Carmen Etxeberria, Ane Gorosabel, Gaizka Olabarrieta, Josebe Blanco, Ezozi Etxeberria, Amaia Laskurain eta Txomin Alberdi, Urtza Sarrionandia, Jon Ruiz de Egino, Tomas Larrañaga eta Joxe Lonbide. Hamar horietatik, zortzik barazkiak eta frutak jarriko dituzte eta beste bi askotariko gaztak saltzera joango dira: Amaia Laskurain eta Txomin Alberdi eta Josebe Blanco.