Bergarak zazpi lorategi aipagarri ditu. Aipagarriena eta bikainena Errekalde jauregiaren inguruan dagoena da. Laboratorium museoa inguratzen duen lorategia XIX. mendeko proiektua da. Landare-espezie aberasgarria dauka, baina berezi egiten duten ezaugarriak ere bai. “Jatorrizko ur-instalazioak eta lorategiak berak duen espazio banaketa oso azpimarragarriak dira”, diote adituek. Alde batetik, zuhaitz ikusgarriz hornitutako lorategi ingelesa dauka. Beste alde batetik, baratzea. Eta, azkenik, basoa. Azken horrek mendi aldera ematen duen lorategi zatia.
Errekaldekoaren antzera, XIX. mendekoa da Untzeta jauregiko lorategia. Jatorrizkoarekin alderatuta –ia bi hektarea neurtzen zituen–, egungoa oso itxuraldatuta dago: errepideak bitan banatu du. Dena den, zuhaitz ederrak eta bereziak ikus daitezke han. Batzuk XIX. mende bukaeran landatutakoak. Adibidez, Himalaiako zedro bat.
Sevillan oinarrituta
Zalantza barik, Irizar jauregiko lorategia da preziatuena bergararrendako, eta baita balio handiena duena ere. 2009an Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatu zuten, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa. Baratze batetik lorategia egin zuten. “Jauregia eraberritzeko lanak hasi zituztenean, etxeak zuen baratzeari zati bat kendu, eta lorategia ipini zuten. Forma geometrikoak ditu. Urrutia kapitainak Sevillan, Liman eta beste hiriburu batzuetan ikusitako lorategia kopiatu gura izan zuen. XVII. mendeko lehen lorategia Bergaran ipini zuen. Europako kultura-guneetan erabiltzen ziren dekorazio geometrikoaren errepertorioa erabili zuen”, azaldu du Arantza Otadui historialariak.
Pribatu izatetik, publikora
Izagirre familiarena zen XVI. mendean eraiki zuten Laureaga jauregia. Fatxada nagusian bi medailoi ditu, eta, beheko solairuan, burdin hesia leihoan. XX. mendean, jauregiaren aurrean, lorategi pribatu ederra sortu zuten. 80ko hamarkadan zabaldu zuten herritarrendako. Santa Marina parrokiaren alboan dagoen Usondo parkea da. 100 bat urte dituzten hainbat zuhaitz daude bertan: izei zuria eta hiru arantzadun akazia, besteak beste