“Jauregi lizentziadunak egindako etxea da. Bergarako Bidekurutzeta errebalean egin zuen. Hiribildutik gertu, baina herriaren sarreran egin zuen etxean”, azaldu du Jon Arroitak. Egungo sarrera nagusiak San Martin plazara ematen du, baina, jatorrian, Bidekurutzeta kalean izan zuen. “Fatxadan dagoen familiaren armarriak adierazten du sarrera nagusiak errege bidera ematen zuela”, dio.
Harlanduan egindakoa
Monumentu izendapena du etxeak, eta, XX. mendearen hasieran berrikuntza lanak egin bazituzten ere, 1500ean eginiko fatxada mantentzen du. “Garai batean tapiz edo fresko bat egiteko erabilitako eredua hartuta egindako erliebea da. Jauregi lizentziadunak erabaki zuen tapiz edo freskoa egin barik, lan bera harlanduan egitea eta fatxadan ipintzea. Hortaz, erliebean landutako fatxada da, baina tapiza izango balitz ipinitakoa”, azpimarratu du Arroitak.
Baxu-erliebeak dira, elkar gurutzatzen diren landarez osatutako hondo baten gainean, hainbat errege bikote irudikatzen ditu, denak koroarekin eta zetroarekin.
Grabatu germaniarrak
Fatxadan hiru zati bereizten dira: behean daude erdi puntuko leihoak eta Jauregi familiaren armarria; erdian, erliebez egindako irudiak; eta goian, mudejar estiloan landutakoak. “Goiko zatiaren egilea nor den ez dakigu, baina antzematen diren irudiek erakusten dute mudejar estiloko lana dela. Fatxada apurtzeko balio duena”, azaldu du.
Erdiko zatia da balio handiena duena. “Garai hartan Alemaniako erromatar-germaniko inperioan oso ohikoa zen estiloa eta apaingarriak ditu. Europa erdialdeko azken gotikoren estetika islatzen du, XV. mende bukaerako edo gehienez XVI. mendearen lehen urteetako germaniar grabatuetan inspiratua dago”.
Erregeak eta beste elementuak
Askotariko irudiak daude Jauregi etxearen fatxadan. Baina protagonistak erregeak dira. Guztira, hamasei daude. Guztiak, zetroarekin. Boterearen ikurrarekin. “Alemanian, garai hartan, halako irudiak erabiltzen ziren Judeako erregeak irudikatzeko”, esan du. Eskuinean, goiko aldean, Grifopertsonaia mitologikoa ikus daiteke. Gerritik gora arranoa eta behera lehoia. “Nobleziaren ikurra”. Beste elementu batzuk ere badaude: txakurrak, ehiztariak, oreinak, basurdeak, neskak, juglareak... Lau ebanjelistak ere badaude: San Mateo, San Marcos, San Juan eta San Lucas.