Dantza askatua, Moises Azpiazu gogoan hartzeko

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 10a, 19:58

Moises Azpiazu, zutik, bere txapelketetan aritzen ziren bere ikasleekin.

Moises Azpiazuren omenezko dantza txapelketak urteurren borobila izango du aurten, hogeita hamabosgarrena; Azpiazu izan zen dantza askatuaren sustatzaile nagusia Bergaran, eta 1985. urtean egin zuten lehenengoz haren omenezko txapelketa, hil eta bi urtera. Bergarako Musika eta Dantza Eskolak antolatzen du txapelketa.

Seminarixoan egingo dute, bihar, egubakoitza, bikote nagusiendako dantza askatu txapelketa. 19:30ean hasiko da saioa eta hamalau bikotek hartuko dute parte; tartean, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrek.

Orain arte, Zarautzen eta Donostian izan dituzten bi txapelketetan bigarren sailkatu dira, eta orain, etxean aritzeko gogoz daude. "Txapelketa herrian izateak beti dakartza urduritasunak, baina ez dago aitzakiarik, eta helburua da orain arte eman dugun maila ematea. Izan ere, bi txapelketen ostean, lasaitu egin gara, ikusi dugu biok nola gauden, eta hori ere inportantea da", nabarmendu du Galarragak.

Adierazi duenez, urte arraroa izaten ari da aurtengoa. "Normalean, uda hasieran hasten ditugu txapelketak. Beraz, oraindik probatzen eta sentsazioak berreskuratzen ari gara, baina gustura gaude egindakoarekin". Moises Azpiazu dantza taldeko Maite Lazkanok ere indartsu ikusten du etxeko bikotea. "Oso ondo daude, gogotsu eta gogor. Ilusio handiarekin ikusten ditut, eta azken urteetako maila ederra mantentzen dute", dio.

Maskara, dantzatzean izan ezik

Esan moduan, hamalau parte-hartzaile izango dira Bergarako Musika eta Dantza Eskolak antolatutako emanaldian.

Pandemia dela eta, gainera, dantzariek maskara jantzita izan beharko dute une oro, dantza egiten duten unean izan ezik. Oholtzara ere maskara jantzita igo beharko dute, eta dantza egiten hasi aurretik zorro batean gorde beharko dute.

"Dantza soltearen sustatzailea izan zen Bergaran"

Moises Azpiazu gogora ekarri du Lazkanok. "Ume-umetatik dantzan ikasten hasi zen, eta baita dantza soltean dantzari gisa sendotu ere. Urteen poderioz, dantza irakasten hasi zen, eta izugarrizko ikasle kopurua izan zuen, 1971tik 1983ra arte, gutxi gorabehera. Arrakasta handia izan zuen eta bikote pila bat atera zituen aurrera. Bereziki fandangoaren eta arin-arinaren espezializazioa landu zuen", azaldu du.

Hori dela eta, hura hil eta bi urtera, 1985ean, haren omenezko dantza askatu txapelketa sortu zuten, aurten hogeita hamabost urte beteko dituena. "Dantza soltearen sustatzailea izan zen Bergaran. Garai hartan, txikien mailako txapelketak bakarrik egiten ziren, baina, hari esker, nagusi mailako txapelketak ere egiten hasi ziren". Gaur egun ere biak egiten dira, Pentekosteetan eta San Martinetan.

Azpiazuren izaeran konstantzia, ilusioa, pasioa eta zorroztasuna nabarmendu ditu Lazkanok, eta, dantzatzeko moduari dagokionez, berriz, dotorezia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak