Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza izenez aurkeztu du Foru Aldundiak Europako Jardunaldien bosgarren edizioa. Azaldu dutenez, helburua ondareari "balioa ematea" da, baina Gipuzkoako herritarrei "ohi ez bezalako moduan" gerturatuz: "gai komun" batekin, eta egun jakin batzuetan, hain zuzen ere. "Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea da ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea. Aurten, transmisioak ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean jarri nahi dugu arreta", azaldu du Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak.
Bergarako Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkinek esan du urteak daramatzatela Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen, eta horrek Bergarako ondarea ikusarazteko balio duela: "Ezinbestekoa da ondarea babestea, zaintzea eta baldintza onenetan ikusgai jartzen asmatzea. Ondarearen Europako Jardunaldiak bezalako ekimenek bultzada handia ematen diote".
Egitarau zabala, ondarea babesteko
Jarduera programan hainbat gai jorratuko dira: zinema, botanika, musika, dantza, mitologia, gastronomia, hiri kultura, artea, arkitektura. Telleriak aurreratu du ikusleek gazteentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez gozatu ahal izango dutela: ikuskizunak, fanzine tailerrak, bisita eta ibilbide antzeztuak edo gidatuak, tailer edo jardunaldi gastrokulturalak, erakusketa fisiko eta birtualak...
Laboratorium museoak bere aldetik honako saio hauek prestatuko ditu:
- Artea eta Zientzia Uztartuz ilustrazio zientifiko tailerra
- Biozientziaren unibertsoa arkeologia tailerra
- Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. zikloa
- Ilustrazioaren eragina euskal dantzan hitzaldi musikatua
- Bergarako geologia eta ondarea ezagutu familian bisita gidatua
- Nola identifikatu gure zuhaitzak eta zuhaixak bisita gidatua