Bergara 1268. urtean jaio zen. Goenkalea, Artekalea eta Barrenkalea izan ziren hiribilduaren hiru oinarriak. Hiribilduaren albo batean, Ariznoako San Pedro parrokia eraiki zuten. XVI. mendearen azken hamarkadetatik 1620. urtera arte. Lau ekinaldi nagusitan eraiki zuten parrokia. Gotikotik euskal gotiko berantiarrera arteko bilakaera ikus daiteke bertan. “Presbiterio aldea XV. mendekoa da. Gotikoa. Ostean, lehen jarlekuak dauden zatia egin zuten. Horrek ere gotiko ezaugarriak ditu. Azken biak elizaren oina egiteko erabili zituzten. Horietan euskal gotiko berantiarra da nagusi”, esan du Jon Arroita gidariak
Juan de Mesa
San Pedro parrokia aberatsa da, bereziki barruan dituen elementuengatik. Gehienak bergararrek egindako dohaintzak dira. “Bergaratik kanpo joan eta aberasten zirenek bidalitako opariak dira asko. Euren boterearen adierazgarri bidaltzen zituzten”, dio Arroitak
Dohaintza horietako bi dira artzainen gurtzeari eta San Cristobali buruzko margolanak. “Lehena Napolitik ekarritakoa da. Barrokoa. argiztapen txikia du. nahiko dramatikoa da. Bestea, aldiz, Madrilgo eskolatik ekarritakoa”.
Sevillan bizi zen Juan Perez Irazabal bergararrak enkargu berezia egin zion Juan de Mesa eskulturagileari: hilzoriko Santo Kristo bat egitea parrokiarako. “Bizirik dagoen kristoa irudikatu zuen. Anatomia lan bikaina egin zuen: muskuluak, zainak, saihetsak... Une horretan duen sufrimendua era oso errealean erakusten du de Mesak”, azpimarratu du Arroitak. Nazioarteko mailako barroko estiloko irudirik nagusiena dela diote katedratikoek.
Erretaula
Parrokiara sartu eta ikusten den lehen elementua erretaula nagusia da. XVI. mendekoa da, eta manierismo estilokoa. “Ez dakigu Euskal Herrian dauden erretaula manieristen artean zaharrena ote den Bergarakoa. Garai berekoak dira Markinakoa eta Galdakaokoa”, adierazi du.
Erretaulak hiru zati nabarmen ditu: goiko aldean kalbarioa; erdiko hiru gorputzetan Kristoaren Pasioaren pasarteak, eta santuak eta apostoluak; eta beheko partean, lau ebanjelarien irudiak. “Goiko zatiko eskulturak gotikoak dira. Oso gogorrak. Erdiko gorputzekoak manierismokoak dira. irudien arropek eta keinuek berpizkundera hurbiltzen gaituzte. azkenik, beheko zatikoak berpizkundekoak dira. Koloreak oso biziak dira eta ebanjelisten portaera errealista da. San Marcos, adibidez, lumarekin idazten ikus daiteke ”, azaldu du.
Organoa
Erretaula nagusiaren parean, parrokiaren atzeko aldean, beste harribitxietako bat ikus daiteke: 1889an Stoltz-Freres etxeak egindako organoa. Martina Imazen oparia izan zen, eta hainbat berezitasun ditu. “San Pedron dagoena jatorrizko organoa da. Ez du inoiz aldaketarik izan. Oso handia da, eta, elizaren akustikara egokitzeko, normalean baino tonu erdi gutxiago dauka”. Organoaren kaxa ere jatorrizkoa da eta horren gainean lau eskultura daude: bi aingeru, San Matias –aldarera begira dagoena– eta Santa Ageda –paretara begira–. adituek diote Gregorio Fernandez (1576-1636) eskultorearen eskolakoak direla.
San Migelen poliptikoa
Parrokian bistan ez dago, baina sakristian ikus daiteke San Migelen poliptikoa. Margolan flamenkoa da. “Erretaula berean egindako hainbat margolan dira. Horregatik da poliptikoa. Margolan horiek guztiak San Migelen irudiaren inguruan egindakoak dira. San Migelen mirariak ikus daitezke. Dena den, egun, erdian dagoen irudia San Pedrorena da”.
San Migelen poliptikoak bi zati ditu: oinarria eta gorputza. “Bi poliptikorekin bakarra egin zuten. Oinarrian apostoluak agertzen dira, eta gorputzean, San Migel da protagonista. Haren mirariak eta agerrerak. Adituek diote bi poliptikoak ez zituztela egin batera ipintzeko. Oinarria Brujasen (Belgika) margotu ei zen 1530. urte inguruan eta gorputz nagusia Anberesen (Belgika), urte batzuk geroago”, dio Arroitak. Beheko margoetako irudiak oso gotikoak dira. aldiz, goikoetan, Berpizkunde garaiko ezaugarriak daude.
Kanpandorrea
San Pedro parrokiak barruan dituen elementuez gain, kanpoan dagoen beste bat aipatu behar da: kanpandorrea. “Garaia, liraina eta dotorea”, diote adituek. 1742. urterako bukatu zuen Jose Lizardik. “Balio handia du kanpandorreak: alde batetik, duen handitasunarengatik; eta, beste alde batetik, kokatuta dagoen lekuarengatik. Errege-bidetik zetozenek, herrira sartzerakoan, ikusten zuten lehen elementua kanpandorrea zen. Eta kanpandorrean zegoen armarria. Horrek erakusten zien zein lekutan eta noren aginduetara zeuden”, dio Arroitak.
Bestalde, kanpandorrea eredu izan zen garaiko beste hainbat eraikinetan; bereziki, Bizkaian.