Eskolara itzulera: Bergaran ere, kezkaz hartutako hainbat neurri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 4a, 10:21

Bergarako ikastetxe bateko ikasgela bat, ikasle barik.

Eskolarako inoizko itzulerarik berezienean, Bergarako ikastetxeek gertu dituzte pandemiari aurre egiten saiatzeko protokoloak, zalantza askorekin eta kezka handiarekin bada ere; guztietan txandaka egingo dituzte sarrerak eta irteerak, ikasle pilaketak ekiditeko asmoz.

Zalantza askorekin eta kezka handiarekin bada ere, gertu daude Bergarako ikastetxeak ezohiko ikasturte berriari ekiteko. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa (DBH 1 eta DBH 2) irailaren 7an hasiko da, eta DBH-3ko, DBH-4ko eta batxilergoko ikasleek irailaren 15ean ekingo diote.

San Martin Agirre eta Ipintza

San Martin eskolaren bi eraikinak nahikoa izango dira HHko eta LHko ikasleak hartzeko. Sarrera egiteko, patioan elkartuko dira, ilaretan, gelaka antolatuta. Orduan hartuko zaie tenperatura umeei, eta eskuak garbitu egin beharko dituzte; ostean, irakaslearen laguntzarekin sartuko dira eskolara. Jolastordua bi txandatan antolatu dute, eta, positiboren bat agertuz gero, Eusko Jaurlaritzaren protokoloa jarraituko dute (Ikus 6. orria). Jangelarekin eta garraioarekin nola jokatu zehazten dabiltza.

Ipintzako ikasle guztiek –DBHkoak eta batxilergokoak– ordutegi jarraitua izango dute; hau da, maila guztietan goizez bakarrik joango dira eskolara. Sartzeko eta irteteko mailaka antolatu dituzte ibilbide ezberdinak eta arduradun bat egongo da sarreran, ikasle guztiek gelarekin eskuak garbitzen dituztela kontrolatzeko. Ikasleek eta irakasleek tenperatura etxetik hartuta joan beharko dute eskolara. Materiala ikasle bakoitzak berea eraman beharko du, eta bere leihatilan gorde. Autobus zerbitzuan, baina, ez dago aldaketarik; Ipintzako arduradunen arabera, ez dago baliabiderik autobus gehiago kontratatzeko, eta, autobusak beteta joango badira ere, ikasle bakoitzak eserleku bera erabili beharko du beti. Jangelak nola funtzionatuko duen San Martin Agirrerekin batera zehaztuko dute, baina aurreikusten dute urrira bitartean, behintzat, jangela-zerbitzurik ez dela egongo.

Autobusa behar dutenek leku berean eseri behar dute, eta maskara ezingo dute erantzi.

Aranzadi Ikastola

Aranzadik ere gertu dauka ezohiko ikasturte honetarako plangintza. Sarrerak eta irteerak leku ezberdinetatik egingo dituzte, eta txandaka; bost minutuko tarteak izango dira taldeen artean. Arduradunek gurasoei zehaztuko diete zein ordutan eta nondik sartu beharko duen ume bakoitzak; ikasleek tenperatura etxetik hartuta joan beharko dute. Patioan ere sarrerak eta irteerak txandaka egingo dira eta gela bakoitzak gune jakin bat izango du patiorako. Ikasleek ez dute materiala elkarbanatuko, nork berea eraman beharko du; eta, partekatu beharko balitz, materiala umez aldatzerakoan garbitu egin beharko da. Jangela zerbitzua ere txandaka eta gelaka egingo dute.

Autobus zerbitzua, berriz, Mariaren Lagundiarekin partekatzen dute, eta, erabat zehaztu gabe egon arren, asmoa da autobusa partekatzen segitzea eta umeek eserleku bera erabiltzea beti; autobus barruan umeek ezingo dute maskara ezertarako kendu.

Mariaren Lagundia

Mariaren Lagundiak sei sarrera posible dituenez, guztiak erabiliko dituzte, eta talde bakoitzak sarrera jakin bat izango du txandaka. Ikasleei tenperatura hartzeko zalantzak dituzte, baina, hasiera batean, eskatuko zaie etxean bertan hartzeko. Patiorako sarrerak eta irteerak txandaka eta ate ezberdinetatik egingo dituzte eta gela bakoitzak gune bat izango du; gune horiek txandakatzen joango dira. Jolastorduan zaintza bikoiztu egingo dute. Komun guztiak misto bihurtuko dituzte eta talde bakoitzak komun bakar bat erabili beharko du. Materiala bizikidetza talde bereko ikasleen artean bakarrik partekatuko da. Jangela ere txandaka eta bizikidetza taldeetan banatuta irekiko dute eta osteko zaintza zerbitzua indartu egingo dute. Garraioa Aranzadi Ikastolarekin partekatzen jarraitzea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak