Josune Irazabalen ostean iritsi da Joxu Aranaren txanda Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroko zuzendari modura. Aurretik irakasle aritu den arren, erronka berria izango du aurtengoa; are gehiago, egoeraren berezitasunagatik. Eskolaren beraren erronkez galdetuta, enpresen eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, baita praktikek Lanbide Heziketaren arloan duten pisua. Hain zuzen, aurten ere ikasle guztiek praktikak egiteko aukera izatea ezinbesteko bezala definitu du.
Erronka berri honen aurretik, izan duzu esperientzia Lanbide Heziketan. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
30 urte dira Miguel Altuna ikastetxean irakasle lanetan hasi nintzela. Enpresa munduan eta hainbat ikastetxetan lan egin ondoren, 2004an behin betiko lanpostua lortuta bueltatu nintzen Miguel Altunara, eta ordutik hemen nago. 2008an, Josean Etxeberriaren eskutik inguruko enpresekin harremanak zaintzen eta ikasleak enpresa hauetara gerturatzen hasi nintzen. 2013tik aurrera zuzendaritza taldeko partaide izan naiz.
Nola iritsi zara postu berri honetara? Zer espero duzu?
Josune Irazabalen gidaritzapean egin dugun lanak oso egoera onean utzi du eskola, ikastetxe berrian oso gustura gaude, ikasle kopuru altua dugu, erronka kolaboratiboetan oinarritutako metodologia guztiz finkatuta dugu eta inguruko enpresekin eta maila internazionalean ere hainbat proiektutan lan egitera ohitu gara. Asmoa lerro horretan lanean jarraitzea da, orain arte ondo egindakoak indartzen, ahalik eta ikasle eta enpresa gehien erakartzen, digitalizazioak emango dituen aukerak lantzen eta transmititzen. Enpresen eskutik bide berriak zeharkatu eta erakunde ezberdinekin zubiak eraiki nahi ditugu.
Orain arte bizi gabeko egoera bati aurre egin beharko diozue. Zein da ezohiko ikasturterako erronka?
Irailaren 7an hasi behar zuen kurtsoa atzeratzeak eta itzulera modu mailakatuan egiteak asko lagunduko digu. Zorionez, ikastetxe berria izateak sarrera-irteera kopuruan, gelak duten espazioan, komun kopuruan, pasilloen zabaleran, eta abarrean aukerak ematen dizkigu segurtasun distantziak mantentzeko. Egunerokotasunari begira, maskara erabiltzea eta gel hidroalkoholikoa behin eta berriz erabiltzea nahitaezkoa izango da. Komunetako eta ikasgeletako garbitasuna maizago egingo da. Sei sarrera-irteera desberdin ditugu eta ikasgeletara joateko talde bakoitzak bere ibilbidea izango du. Sarrera, irteera eta atsedenaldia mailakatuak izango dira eta talde desberdinak ez dira elkartuko. Tailerretan ere segurtasun distantzia mantendu da eta erreminta guztiak behin erabili eta gero desinfektatuko dira.
Lanbide Heziketaren arlo garrantzitsu bat praktikak dira. Zer garrantzi ematen diezue orain, eta nola egingo dira aurten?
Hain zuzen ere, Lanbide heziketako berezitasun nagusia ikasketa praktikoak dira, eta bai ikastetxean baita enpresetan ere lantzen diren gaitasunak oso garrantzitsuak dira guretzat. Gure aldetik, orain arte bezala aritzeko asmoa dugu, ikasleak enpresetan kokatzen, bai lan prestakuntzak –praktikak– betetzeko, bai dual sisteman kontratupean aritzeko, baita lan-poltsa zerbitzuaren bitartez enpresetan lan kontratuak lortzeko. Badakigu pandemiaren bilakaerak markatuko dituela etorkizun hurbilean enpresekin kolaboratzeko izango ditugun aukerak; hala ere, ikasle guztiek enpresetan esperientzia jaso eta bertan lanean geratzeko aukera izatea nahi dugu eta helburu hori lortzeko lanean jarraituko dugu.