Irizar jauregia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko abu. 31a, 21:41

Bergarako Irizar jauregia

Urrutia-Espilla da jauregiaren jatorrizko izena. XVII. mendearen erdialdean Ignacio Urrutia eta Ana Espilla senar-emazteen aginduz egindakoa.

XVIII. mendea ezkero, bergararrek Irizar jauregia izenarekin ezagutzen dute. “Egun jauregia dagoen lekuan zegoen eraikina Valdespina markesarena zen eta truke baten bidez Irizar familiaren eskuetara heldu zen. Irizartarrek Elgetan zuten baserria eman zioten markesari jauregiaren ordez. Markesak onurak emango zizkion eraikina behar zuen eta Urrutia-Espilla jauregian ez zuen halakorik lortzen”, esan du Iraganeko Oinatzak Elkarteko historialari Arantza Otaduik.

Aberastuta

Ignacio Urrutia eta Ana Espilla 1659an ezkondu ziren. Hala, bat egin zuten aspaldiko leinuaren izen ospetsuak eta diru-aberastasunak ematen duen ospeak. “Ignacio Urrutiak ez zuen maiorazkorik izan, anaietan laugarrena izan zelako. Hori horrela, Ameriketara joan zen diru bila eta negozioak egin zituen Perun eta Sevillan. Armadan ikasketak eginda joan zen eta haiei esker negozio handiak egin zituen Potosiko meatzeetan. Oso aberastuta itzuli zen Bergarara. Lau urteren ostean Espilla familiaren maiorazkoa jasoko zuen alabarekin ezkondu zen. 20 urte gazteagoa zen neska”, azpimarratu du Otaduik.

Urrutia-Espilla senar-emazteek berritu zuten eraikina goitik behera

Lorategia

Segituan hasi ziren etxean berrikuntza lanak egiten. Aipagarriena lorategia izan zen. Baratzearen ordez, XVI. mendeko Italiako modan oinarritutako lorategia ipini zuten. “Etxean zituen baratzeari zati bat kendu eta lorategia ipini zuten. Forma geometrikoak ditu. Urrutia kapitainak Sevillan, Liman eta beste hiriburu batzuetan ikusitako lorategia kopiatu gura izan zuen. XVII. mendeko lehen lorategia Bergaran ipini zuen. Europako kultura-guneetan erabiltzen ziren dekorazio geometrikoaren errepertorioa erabili zuen”, azaldu du Otaduik.

Gainera, lorategia jauregiaren fatxada nagusiaren aurrean kokatu zuen. “Dotoretasunaren aldeko apustua egin zuen. Etxeko sarrera nagusian lorategia baratzea baino dotoreago geratzen zen. Urrutia kapitainak biak eduki zituen”, dio.

Irizar jauregiko lorategiak monumentu-izendapena lortu zuen 2009an. Aurretik, 1964an, izendapen bera jaso zuen eraikinak.

Eredu

Jauregiaren eraberritzearekin etxean ipinitako hainbat elementu bogan ipini ziren. Besteak beste, jauregiaren fatxada nagusian dauden balkoiak. “Balkoietako balaustreak burdina forjatuzko lan bikainak dira eta eredu izan ziren beste hainbat lekutan. Adibidez, egun liburutegia dagoen Errotalde jauregian balkoi berberak ipini zituzten”, esan du Otaduik. Era berean, eredu izan zen teilatuaren azpian dagoen egurrezko kasetoidura. Adibidez, Bergarako eta Arrasateko beste hainbat eraikinetan kopiatu zuten. “Irizar jauregia oso adibide ona da Indianoek Euskal Herrira zer-nolako eraikinak ekarri zituzten ezagutzeko. Bestalde, Irizartarrek egindako berrikuntza gehienak ilustrazio garaikoak dira eta eragina oso garbia da hainbat elementutan. Adibidez, etxe barruan dagoen eskaileran. Ilustrazio garaikoa dela argi eta garbi ikusten da”, dio historialariak.

Irizartarrek egindako berrikuntza gehienak ilustrazio garaikoak dira

Armarria

Barrenkaleko eta lorategi aldeetarako fatxadetako ertzean armarria dago. Bi aldetara ematen duena. “Bergarako etxe askotan daude armarriak ertzean. Bi kaletara begira. Helburu bakar batekin: euren ospea eta balioa herritarrei erakustea. Irizarren parean dagoen Arrese etxean ere armarria ertzean dago”, esan du Otaduik.

Egungo sarrerak Barrenkale aldera ematen du: burdinazko atea du, errekarriz egindako zorua eta arku karpanel handia.

Bergarako Ituna

Sarreran leku berezia dute Maroto eta Espartero jeneralek. Bergarako hitzarmenari eta besarkadari erreferentzia zuzena egiten diote Irizar jauregian. “Lehenengo Karlis-taldiari bukaera eman zion Bergarako Ituna Irizar jauregian sinatu zen. Euskal Herriaren historiari lotuta egongo da betiko. XIX. mendean bake prozesurako eredu izan zen Bergara. Maroto karlistak eta Espartero liberalak Oñatin idatzitako bake ituna Bergaran sinatu zuten. Ostean, marrazkien bidez ezagun egin zen besarkada irudikatu zuten. Hori, baina, Fraiskozuri plazan egin zuten euren armadez inguratuta. Une gogoangarria izan zen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak