Errekalde jauregia, Laboratorium museoaren kokaleku

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 14:47

Bergarako Errege Mintegiko historia eta bildumetako pieza esanguratsuenak biltzen ditu Errekalde jauregian kokatuta dagoen Laboratorium museoak.

Bergarako Alde Zaharran kokatua  XVI. mendeko estiloko jauregia da Errekalde jauregia, nahiz eta osagai asko, XIX. mendekoak diren, estilo erromantikokoa hain zuzen. 1718ko matxinadan bertan zegoen jatorrizko dorretxeari sua eman ostean, Errekalde jauregiak ordezkatu zuen. XIX. mendean jauregi hau berreraiki zuten, eta sotorako kanpoaldeko sarbidea beharbada XVI. mendeko jauregia aztarna litzateke, zenbait adituren arabera.

Peñafloridako kondea zen Xabier Munibek ere bizilekutzat izan zuen jauregia; Bergarako Errege Mintegian jardun ohi zuenean jauregi dotore hau bere bizilekua. Bertan, Valentin Foronda ere bizi izan zen.

Jauregia inguratzen duen ingeles estiloko XIX. mendeko lorategia ere Bergarako altxorretako bat da eta azken urteetan Laboratorium museoa ere bertan kokatzen da.

Museoaren garrantzia

Bergarako Errege Mintegian egindako lana eta lan horietatik gelditu den ondarearen garrantzia azpimarratzen du museoak. Bergaran kalitatezko hezkuntzaren eta zientziaren aldeko apustua egin zuten, eta horrek oso material aberatsa utzi du (3.000 pieza inguru).

Gaur egun, bilduma horren zati bat, behintzat, erakusteko moduan dago. “Historia luze horrek garai hartako lekuko asko laga dizkigu. Oso historia polita laga du, erakusten duena nola Ilustrazio garaitik aurrera hezkuntza eta zientzia erabiltzen saiatu garen berritzeko eta aurrera egiteko. Eta laga duena ere lekuko material asko izan da, bildumak. Hezkuntzarako eta ikerketarako material zienti-fikoa edukitzea oso-oso garrantzitsua zen. Hemen sekulako bildumak egon izan dira”, adierazi dute museoko arduradunek.

Hasieratik, helburua Errege Mintegian sortutako historiarekin eta bildumekin museoa Seminarioko eraikinean egitea izan da. Hala ere, museoa probisionalki Errekalde jauregian jartzea planteatu zen. “Bere leku naturala Seminarioa izango litzateke, baina leku hau ere mundiala da, eta loturak ditu. Museo proiektura ondo egokitzen da, gainera. Hemen bizi izan zen Peñafloridako kondea, Errege Mintegia nolabait zuzentzeko 1767an etorri zena Bergarara. Orduan, Mintegia hemendik zuzentzen zen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak