Errotalde jauregiaren azken jabeak, XX. mendera etorrita, Ignacio Murua y Baltzola Valleko kondea eta Maria Pilar de Labaien y Arantzabe emaztea izan ziren. Senar-emazteek urteak egin zituzten han: “Gerra garaian etorri ziren Madrildik eta bertan gelditu ziren”. Ondo gogoan ditu urte haiek jauregian garai hartan bizi izandako eta izenik eman gura ez duen Bergarako bizilagun batek.
"Valleko kondeak ondasun handiak zituen. Egun osoa ematen zuen bulegoan hori guztia kudeatzen"
Bergarar horren esanetan, "Valleko kondeak ondasun handiak zituen. Egun osoa ematen zuen bulegoan hori guztia kudeatzen, eta, bitartean, Maria Pilar de Labaien etxean egoten zen". Apenas irteten ziren jauregitik senar-emazteak, eta langileek oso gutxitan ikusten zituzten ugazabak. Etxe berean bizi baziren ere, hilean behin ikusten zuten elkar. Soldata jasotzea egokitzen zitzaienean. Ondasun asko izanagatik, ez zen luxu handiz bizi zen bikotea. Valleko kondea "oso gizon normala" zen, eta etxea ere ez zen beste mundukoa: "Ez zen etxe bereziki elegantea". Lehenengo solairuan bizi zen bikotea. Euren logela "etxeko eleganteena" zen. Bi ohe zituen logelak: bata handia eta bestea txikiagoa. Handian lo egiten zuen kondeak; txikian, berriz, Paria Pilar de Labaien y Arantzabek.
Ruiz de la Prada etxean
Ez ziren horiek Errotalde jauregiko lehen solairuan lo egiten zuten bakarrak. Izan ere, gerra osteko Bergarako lehenengo alkate izan zen Luis Ruiz de la Pradak Valle-ko kondearen etxean hartu zuen ostatu emazte Amparo Untzetarengandik banandu zenean. Luis Ruiz de la Prada Errotalden bizi izan zen hainbat urtean.
Harreman bereziak
Senar-emazteek eta Luis Ruiz de la Pradak etxean ematen zuten denbora luzeena. Kondea hilean behin irteten ei zen, “Bergarara meloi saltzaileak etortzen zirenean”. Bisita askorik ere ez zuten izaten. Urtean behin etortzen zen administratzailea bisitan: “Kondea bera baino dotoreagoa” zen administratzailea. Elorrion bizi zen markes bat ere etortzen zen batzuetan bisitan eta Errege egunean Bergarako basterretxeatarrak joaten ziren Errotaldera Valleko kondearekin eta haren emaztearekin meriendatzera.
Langileak bigarren solairuan
Errotaldeko bigarren solairuan bizi ziren etxeko langileak. Han zeuden arropak garbitzeko gelak, horiek plantxatzekoak eta baita langileen logelak ere. Guztira, zortzi langi-le ziren etxean. Kondearen txoferra, morroia, bi sukaldari, Marie Schoff administratzailea –Suitzarra zen hura–, lorezaina eta beste bi langile.