Ozaeta dorretxea, XVI. mendean altxatutako monumentua

Jone Olabarria 2020ko uzt. 27a, 13:27

2002ko uztailaren 16an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna alegia. Erdi Arokoa den Ozaeta dorretxeak Lasa jatetxea hartzen du gaur egun.

Ozaetako dorretxea XVI. mendean altxatu zuten Zubiaurre auzoan, Deba ibaiaren ondoan, eta familia berak Erdi Aroan zuen dorretxetik gertu. Bergarako herrigunetik kanpo dago, Arrasatera doan bidearen ertzean. Enrique IV.a erregeak dorretxe guztiak eraisteko agindua eman ostean, 1565ean berreraiki egin zuten.

Jatorrizko familia-eraikina ibaiaren beste aldean zegoen, baina 1457an goiko aldea moztu zioten. Dorrea moztu ondoren, familiak berreraiki nahi izan zuen, baina Bergarako Udalak ez zuen baimenik eman, eraikinean bizi zirenak borrokazaleak zirelako. Valladolideko "Real Chancillería"k, 1549an, jauregia eraikitzeko baimena eman zuen, baina ibaiaren bestaldean eraikitzekotan, ez bestela.

Jauregiko lanak 1549 eta 1553 bitartean egin ziren, tarte horretan eraikinaren gorpuzkera nagusia eta sarrerako patio txikia soilik eginda. Moztutako dorre zaharreko harriak berria eraikitzeko erabili ziren.

Aldaketa ugari

Ondoren, XVII. mendean, argia sartzeko leihoak handitu ziren eta balkoietako burdineria jarri zen. XIX. mendean jatorrizko eskailera aldatu zitzaion; garai batean harrizkoaren ordez. Garai hartakoa da ere atzeko galeria, gorpuzkera nagusiaren ibai aldeko fatxadako berpizkunde-galerian oinarritua.

Dorretxe honen egitura apur bat laukizuzena da eta hiru solairu, atikoa eta sotoa ditu. Eraikuntzan erabili ziren elementu batzuk, Erdi Aroko gotorleku militarrak gogorarazten dituzte. Errekarantz ematen duen albo-fatxadan aipagarria da behe solairuko hiru arkudun galeria.

Jabe ezberdinak

Oinaztarren alde egin zuen familia baten etxea izan zen. Bertan bizi izan zen, besteak beste, Loiolako Iñigoren arreba bat. Telesforo Monzon izan zen azken jabeetako bat. Monzon gizon garrantzitsua izan zen euskal politikagintzan eta euskal kulturaren alorrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak