COVID-19ak Erramu Zapatua, Pentekosteak eta San Martzial jaiak bertan behera lagatzera behartu du, eta, horregatik, Udal Gobernua hasita zegoen aurtengo San Martin jaietarako lanean. "Duela aste batzuk, oso motibatuta geunden sanmartinak antolatzeko, badakigu-eta herritarrek ezin izan dutela jaiez disfrutatu. Baina egoera zeharo aldatu da ordutik azken asteotan, agerraldi berriek eraginda. Horregatik, planteamendua erabat aldatu behar izan dugu,", dio Jaietako zinegotzi Kristina Markinak.
Izurriteak izango du azken hitza
Gaur-gaurkoz eta betiere izurritearen bilakaeraren arabera, Udal Gobernuak badu zerbait antolatzeko asmoa: "Zerbait bai egin nahi dugula, ez ditugu sanmartinak ere bertan behera laga nahi. Baina, neurri handi batean, ez dago gure eskuetan; noski, ez lirateke ohiko jaiak izango, normaltasun berriak eskatzen dituen neurri guztiak betez ospatu beharko genituzke", aurreratu du Markinak.
Azoka egin ahalko litzateke irailaren 12an, baina beste era batera: bertako ekoizleekin bakarrik egindakoa, gehienez hamabi posturekin eta oraindik zehazteke dagoen leku batean, besteak beste: "Orain artekoa baino askoz xumeagoa litzateke".
"Proposamen zirriborro bat da"
Nagusien danborrada izaten da sanmartinetako ekitaldi bereziena eta jendetsuena. Datu bat ematearren: 2019an, danbor-joleak, barrika-joleak, sukaldariak eta bandera eramaileak kontuan hartuta 552 herritarrek hartu zuten parte –danborrada japoniarreko eta bandako kideak aintzat hartu barik–. Aurten, egiten bada, erdira jaitsiko litzateke partaide kopurua, gutxi gorabehera. "Gure asmoa eta gogoa da helduen danborrada antolatzea San Martin bezperarako. Orain arte moduan ezingo denez egin, proposamen bat egin genien uztailaren 8ko bileran danborradako zuzendariei. Proposamen bat da, zirriborro fasean dagoena", zehaztu du zinegotziak.
Kristina Markina, jaietako zinegotzia: "Gure asmoa eta gogoa da helduen danborrada antolatzea. Orain arte moduan ezingo denez egin, proposamen bat egin genien uztailaren 8ko bileran danborradako zuzendariei. Proposamen bat da, zirriborro fasean dagoena".
Gobernuaren proposamen zirriborroak jasotzen du, eguraldi onarekin betiere, irailaren 15eko danborrada bi zatitan egitea. Batetik, 22:30ean hasita, ikuskizun japoniarra egingo litzateke plazan, San Martinen heriotzaren errepresentazioa; ikusleentzat aulkiak jarriko lirateke eserita egoteko. Errepresentazioan ere mugatu egingo litzateke agertokian une berean egongo den jende kopurua. Gobernuak uste du ondo baloratu behar dela ikuskizun hori egin edo ez, plazan eserita gehienez 356 lagun egon daitezkeelako metro eta erdiko tartea mantenduz.
Gehienez hamabi lagun taldeko
Ondoren, 23:00etan, hasiko litzateke danborrada. Esandako moduan, partaide kopurua mugatua litzateke. Proposameneko berezitasun bat da danborrada biltegian hasi eta bukatzea plazan gelditu gabe, jende pilaketak ekiditeko. Horrez gain, danborrak aurrez banatuko ziren taldeen artean, talde bakoitzeko gehienezko hamabi laguneko gehiengoa ezarrita –hori horrela izanda, gehienez 262 pertsonak hartu ahalko lukete parte–. Danbor-jole bakoitzak bere danborra jasoko luke, eta 2019an parte hartu zuten hogei konpainiek soilik izango lukete aukera parte hartzeko. Euria egingo balu danborrada bakarrik egingo litzateke, San Martin Agirreren heriotzaren errepresentaziorik gabe. Beste gomendio batzuk ere eman dituzte; adibidez, arrisku taldekoek parte ez hartzea –60 urtetik gorakoak edo gaixotasun kronikoren bat dutenak–. Era berean, umeen danborradarik ez da egingo kalean.
Proposamen berrietara zabalik
Uztailaren 8an egin zuen jai batzordeak aurtengo sanmartinetarako lehen bilera irekia eta asmoa dute abuztu aurretik beste bat egiteko; udal ordezkariek –oposizioa barne– eta herriko hainbat eragilek osatzen dute batzorde hori: "Egoerak eskatzen dituen neurriak betez eta zuhurtziaz jokatuta, zabalik gaude proposamenetara. Gogoa eta ilusioa ez zaizkigu falta, baina ez dakigu irailean jaiak ospatu ahal izango diren ere".