'Uda aktiboa': jolaserako gune berriak ezagutzen

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 3a, 12:36
Haurrak plazan jolasean.

Elkarlanean antolatutako udako aisialdi eskaintzarekin hasi dira gozatzen haurrak. Izan ere, astelehenetik dago martxan Bergarako Udalak, herriko ikastetxeek, guraso elkarteak eta Jardunek elkarlanean antolatutako Uda aktiboa aisialdi programa.

COVID-19ak erabat baldintzatu du aurtengo udako aisialdi eskaintza, eta Bergarako Udalak ezintasunak izan ditu antolatzeko, Jaurlaritzatik gehienezko kopuruak zehazten zirelako. Egoera horren aurrean, Udalak herri mailako eskaintza adostea proposatu zien herriko ikastetxe guztiei, guraso elkarteei eta Jardun elkarteari. Udala garatzen ari den Plan Integralaren barruan lehentasunak izan dira, baita ere umeen udako aisialdia, umeen zaintza eta familien kontziliazioa bermatzea. Hala, Udalak, ikastetxeek, guraso elkarteak eta Jardunek Uda aktiboa programa antolatu dute.

Aisialdi dinamizatu eta aktiboa

Hiru asteko Uda aktiboa ekainaren 29tik uztailaren 17ra izango da; eta lau astekoa ekainaren 29tik uztailaren 24ra. Hala, 10:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegia duen zerbitzua da, eta, astelehenean hasita, haurrek uztailaren 24ra arte izango dute herriko txoko ezberdinetan dibertitzeko aukera.

Udala 6-11 urteko haurrentzako eskaintza gauzatzen ari da eta ikastetxeak, 2-6 urte artekoena. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak, berriz, gaztelekura bideratu dituzte. Hori horrela, guztira, 252 haur ari dira parte hartzen aisialdiko programa ezberdinetan: Udalarekin 132 ume ari dira parte hartzen; baita Angiozar eta Osintxun ere, eta eskolek, guztira, 120 ume hartu dituzte. Taldeak, gainera, inoiz baino banatuago daude, eta, neurriak jarraituz, lehenengo asteko balorazio "positiboa" egin dute Udaletik.

Lehenengo asteko balorazioa

Udaleku irekien eta kirol campusaren planteamenduek ez zietela gaur egungo beharrei erantzuten ikusita, formatu berri bat planteatu du Bergarako Udalak. Aurretik, eragile bakarrarekin lantzen zen proiektu bat momentu honetan eragile ezberdinekin landu behar izan dute, eta Udaletik adierazi dute merezi izan duela esfortzuak, eta eragile guztiek errealitate berri honetara egokitzeko erakutsi duten jarrera eskertzekoa izan dela gaineratu dute. Horrekin batera, guraso askok, edukiera mugen jakitun, beste alternatiba batzuk bilatu dituzte, behar gehiago dituztenei lekua uzteko. Horiei ere eskerrak eman nahi dizkie Udalak.

"Ez da erraza izan Uda aktiboa udaleku irekien eta kirol campusaren alternatiba antolatzea. Hala ere, oso eskertuta gaude Jarduni, herriko ikastetxeei eta guraso elkarteari. Guztien elkarlanagatik ez balitz, ezingo genuke egitasmoa aurrera eraman. Horrekin batera, neurriak ere hartu ditugu, lan handia egin da antolaketan, baina esan beharra dago adinaren arabera zaila dela. Haurrek kontaktua behar dute jolasean, eta, zenbaitetan, zaila da hori ondo eroatea. Hala ere, hori ere kontuan izanda, eta, egiten ari diren ekintza motengatik, ondo ari gara Uda aktiboa aisialdi programa gauzatzen, eta neurri guztiak betetzen ari dira. Horrekin batera, azpimarratu beharra dago haur nagusienak barneratuta dituztela neurriak hartzearen garrantzia, eta hori nabarmentzekoa da".

Txoko berriak ezagutzen

Egitasmoa antolatzeko zailtasunak izan dituzten arren, haurrei Bergarako txoko ezberdinak ezagutzeko bidea emango diela Uda aktiboa-k gaineratu gura izan du Aranbarrik: "Taldeetan banatuta daude haurrak, baina beraien artean ez dira nahasten. Hori horrela, normalean ez bezala, Bergarako aire libreko leku ezberdinak erabiltzen ari dira egunotan, eta hori positiboa dela esango nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak