Maiatzaren 25ean AEBtako Minneapolis hirian poliziak George Floyd hil ostean izan diren erreakzioak mundu osora hedatu dira, oihartzun mediatiko itzela izateraino. Arrazismoaren aurkako Black Lives Matter ekimenak jomugan jarri ditu, besteak beste, XV. eta XVI. mendeko kolonialismoaren atzeko pertsonaiak, eta konkistatzaile horien omenezko monumentu eta eskulturak erasotu dituzte.
Testuinguru horretan eta Bergarara etorrita, sare sozialetan zeresana eman du gaiak. Twitterren, esaterako, erreakzio dezente eragin ditu Asier Kortabarria Moto-k irekitako hariak: "Ez naiz ni historialaria, baina pertsonaia honen inguruan ikertu nahi izan dut –wikipedian irakurri, egia esatera–. "Herritarrek miretsia", "irmoa", "adoretsua", "langile ikaragarria"... Ezer txarrik ez ahal da pertsonaia honen atzean?".
Wikipediako informazio oinarri hartuta Iralak egindakoetako batzuk zalantzan jarri ditu Kortabarriak, debatea mahai-gaineratzeko asmoz: "Ez dut [Fraiskozuri plazako] monolitoa eraisterik eskatuko, kalearen izenaren inguruan gogoeta egitea ez legoke gaizki. Baina behintzat jakin dezagun zer omentzen dugun gure herrietan".
AEBtako erreakzioa, "ulergarria"
Hari horretatik tiraka, 2006an Domingo de Irala, y su entorno en la villa de Bergara izeneko liburua idatzi zuen Migel Angel Elkoroberezibar bergarrarekin eta Perun jaio eta Bergaran bizi den Euskal Herriko emakume migratu eta arrazializatuen sareko kide Luciana Alfarorekin egon da GOIENA.
M.A. Elkoroberezibar: "Errepresioak erantzun argi bat izan du eta konkistatzaileek eragindako errepresioaren sinbolo kontsideratu izan diren estatuak edo irudiak suntsitzeko ahaleginak ulergarriak dira"
Elkoroberezibarrek deritzo "ulergarria" dela AEBtan bereziki gertatu dena: "Errepresioak erantzun argi bat izan du eta konkistatzaileek eragindako errepresioaren sinbolo kontsideratu izan diren estatuak edo irudiak suntsitzeko ahaleginak ulergarriak dira. Colonen estatuarekin halaxe egin dute AEBtako hainbat hiritan. Lau haizetara zabaldu den albisteak Bergarako Fraiskozuri plazako azukarillo-ra garamatza. Azken 50 urteetan ez diote bailarako komunikabideek edo historialariek apenas lerrorik eskaini 1506-1509 tartean Bergarako Artekale kalean jaio zen konkistatzaileari. Monolito horren atzean dagoen pertsonaia ezagutzeko aukera ere eskaini dezake egoerak".
M.A. Elkoroberezibar: "Azken 50 urteetan ez diote bailarako komunikabideek edo historialariek apenas lerrorik eskaini 1506-1509 tartean Bergarako Artekale kalean jaio zen konkistatzaileari"
Orduko memoriaren garrantzia
Alfarok uste du "irakurketa erromantikoegia" egiten dela XV. eta XVI. mendeko konkistatzaileez, Irala barne: "Irala konkistatzaile bat izan zen, gizarteko zati handi baten idearioan heroi moduan badago ere. Bergaran kale bat dugu, herriko kale nagusietako bat; Latinoamerikan ere hala gertatzen da inbaditu zituztenekin. Latinoamerikako herriek konkistatzaile horien beharra zutela irudikatu nahi izan da mendeetan zehar, eta hori ez da irakurketa erreal bat. Irala heroi edo herriko seme kutun moduan aurkeztea ez da egokia. AEBtan gertatu dena eta izaten ari den oihartzun edo olatu mediatikoa aprobetxatu egin behar dugu historiaren kontakizuna aldatzeko, eta benetan gertatu zena kontatzeko".
Luciana Alfaro: "AEBtan gertatu dena eta izaten ari den oihartzun edo olatu mediatikoa aprobetxatu egin behar dugu historiaren kontakizuna aldatzeko, eta benetan gertatu zena kontatzeko".
Izan ere, Euskal Herrian memoria historikoak garrantzia handia dauka oraindik ere, baina kolonialismoaren garaia ez da "behar beste" lantzen: "Euskal Herrian garrantzia berezia du memoria historikoaren gaiak, 36ko Gerraz, frankismoaz… Baina kolonizazio garaiko memoriaz ez dugu berba egiten, eta bada garaia aro horretan egin zirenak kontatzeko eta salatzeko. Oso aspaldiko garaia dela erabiltzen da aitzakia moduan, baina hori ezin da arrazoia izan. Goazen kontatzera benetan gertatu zena".
Luciana Alfaro: "Euskal Herrian garrantzia berezia du memoria historikoaren gaiak, 36ko Gerraz, frankismoaz… Baina kolonizazio garaiko memoriaz ez dugu berba egiten, eta bada garaia aro horretan egin zirenak kontatzeko eta salatzeko".
Paraguaiko historiaren "zutabe"
Paraguain Iralaz ze iritzi duten galdetuta Elkoroberezibarrek dio euren historiaren "zutabe" kontsideratzen dutela: "Paraguaiko historiaren zutabe kontsideratzen dute, onerako eta txarrerako. Ameriketan herriak, mendiak, etorbideak eta eskolak daude bere izenarekin; hainbat nobela, poema eta kantutako protagonista ere bada... Asko hitz egin eta idatzi da Rio de la Platako gobernadore izan zenari buruz ozeanoaren bi aldetan: mestizaiaren aita, guaraniar hizkuntzaren iraunkortasunaren eragilea, hiri askoren sortzailea, guztiz militarra ez zen gizarte sistema berri baten bultzatzailea izan zela harro oihukatzen dute batzuk; beste batzuk, ordea, traidorea, hiltzaile krudela, konspiratzailea eta libertinoa izatea leporatzen diote. Bai Amerikan eta baita Europan zehar ere, Paraguaiko hiriburua Mahomaren Paradisua-rekin parekatu zuten XVI. mendean Iralak eta bere soldaduek poliginia praktikatu zutelako. Beste hainbatek El puerto de la jodienda deitu zuten. Baina denentzat Hiri guztien ama bezala izan zen ezaguna Irala, bertatik abiatu baitziren inguruko herri gehienen fundatzaileak".
Iralaren jaiotzaren 500. urteurrena bete zenean, bere historia eta jaio zen Bergarako testuingurua ezagutu nahi zuten eta ikerketa lan bat agindu zioten Elkoroberezibarri. "2011n berriz deitu zidaten, Paraguairen independentziaren 200. urteurrena ospatzeko 2006an plazaratutako liburua berrargitaratu nahi izan zuten-eta Asunciongo Euskal Etxekoek. Liburua eguneratu nuen, eta dokumentazio berria gehitu".
Erdi Aroko pentsamoldea zuten
Gainera, Elkoroberezibarrek dioenez, Erdi Aroko pentsamoldea zuten Iralaren garaikide izan zirenek: "Ameriketara joan zirenean ez zituzten euren buruak ireki errealitate berri baten aurrean, baizik eta errealitate hura euren buru estuetan sartzen saiatu ziren. Eta orduan sortu ziren arazoak. Lurralde haiek eta biztanle berri haiek ez ziren europarren eskemetan sartzen. Askorentzat, adibidez, indigenak animaliak bezalakoak ziren eta Pablo III.a Aita Santuak, esaterako, 1537an ohartarazi behar izan zuen gizakiak zirela. Elizaren izenean, halere, basakeria ugari egin zituzten konkistatzaileek. Eta azken momentuan, ondoan beti nahi izaten zuten apaizarekin in rigor mortis aitortza egin eta bizitzan zehar eginiko bekatu eta barrabaskerietatik salbu geratzen ziren".
Kolonizazioa salatuko dute gaur
Bergarako Greba Asanbladak deituta, mobilizazioa egingo dute gaur, ekainak 19, herriko kaleetan zehar. Mobilizazioa 18:30ean hasiko da, frontoian, baina ibilbidean zehar ekitaldiak eta geldialdiak egingo dituzte; kasu bakoitzean, balio eta ideia jakinak azpimarratzeko. Hain zuzen ere, martxaren lehenengo ekimena frontoian izango da, eta arrazakeria salatzeko ekintza egingo dute: "Kolonizazioarekin hasi eta George Floyden hilketara bitarte izandako sarraskiak gogoratuko ditugu".
Domingo Martinez de Irala gogoratzeko monolitoa dago frontoiaren kanpoaldean, Fraiskozuri plazan. Lehen monolitoa Domingo Martinez de Irala plaza zaharrean kokatu zuten, gaur egun Mizpirualde egoitzaren ondoko Madalena plaza dena, 1956ko irailaren 23an.
Monolitoak zer irudikatzen du?
Baina zer irudikatzen du Fraiskozuriko monolitoak? Honela zehaztu du Elkoroberezibarrek: "Bi herrien arteko anaikidetza irudikatu nahi du. Bergarako alkatea Asuncionen 1968an egon ondoren, hurrengo urtean frontoiko plaza edo El Ferial izenez ezagutzen zen eremuari –gaur egungo Fraiskozuri plaza– Domingo Martinez de Irala izena jarri zioten, Comendador eskultoreak egindako baxu-erliebea daraman monolitoa bertan kokatuz, Asunciongo katedralean dagoenaren erreplika. Kexu agertu ziren euskal artista asko, artelana agintzerakoan eurak kontuan hartu ez zituztelako. Kexu-gutuna sinatu zutenen artean zeuden, adibidez, A. Arias, J.A. Sistiaga, J.L. Zumeta eta R. Mendiburu".
Presentzia handia du herrian
Elkoroberezibarrek gogoratzen duenez, Madalena plazak Domingo Martinez de Irala izena izan zuen eta 1956an bere omenez monolito bat eraiki zuten. Handik sei urtera pintatu zuen Simon Arrietak udaletxeko eskaileretan dagoen mural ezaguna; bertan ageri dira Irala, Antonio Araoz eta San Martin Agirre. Hala ere, udaletxeko osoko bilkuren aretoan ageri diren bergarar ospetsuen artean ez da Irala ageri. Urte luzez brontzezko plaka bat egon zen bertan, baina Udaleko biltegian gorde zuten. Madalena plazako monolitoa 1958an ezkutatu zuten eta plazari izena kendu zioten. Edonola ere, Iralak izan du presentzia gehiago herrian; hala nola, Simon Arrieta plazako garai bateko zinearen izena Irala zen, egungo erdiguneko kale nagusietako bat da eta ikastetxe baten izena ere badarama.
Artekalean jaio eta Paraguain hil, 1556ean
Domingo Martinez de Irala eta haren testuingurua ahalik eta ondoen ezagutzeko ezinbestekoa da, egun, Elkoroberezibarren liburua: "Dokumentazio aldetik garairik zailena eta ezezagunena da, baina benetan oso erakargarria. Orduko Bergara ikuspuntu ugaritatik aztertu nuen eta Iralaren eta bere familiaren jatorriaren nondik norakoak azaleratu nituen". 2006an argitaratu zuen liburuaren arabera, 1506 eta 1509. urteen artean jaio zen Irala, Artekalean, eta Gipuzkoan zituen ondasun guztiak saldu ostean joan zen Ameriketara (1535). Paraguai sortu zuela dio historia ofizialak, baina kargu horretarako erabilitako bideak dira orain zalantzan jartzen direnak.