Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak elkarlanean egindako Udako Programa aurkeztu dute

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 17a, 17:06

Jendea Laboratorium museoko aretoan Juanelo Turriano asmatzailearen lana ikusten. 2016ko irudia.

Bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak eskainiko dituzte bergarar nahiz gainerako herrietakoentzat, eta datarik ez duten ekintzetarako erreserbak egin beharko dira lau egun lehenago.

Udalak Covid19aren krisiari aurre egiteko Plan Integralaren barruan turismo eta aisialdi eskaintza garatzea erabaki zuen, eta azaldu dutenez, horretarako,  Laboratorium Museoarekin lankidetzan egin dute udarako programa. Guztira, zortzi ekintza aurkeztu dituzte.

Ekintza guztien inguruko argibideak eta izen-emateak Laboratorium museoaren webgunean daude.

Data zehaztutako bost ekimen

Uztailaren 3an, marrazketa botanikoaren inguruko tailerra egingo dute. Azaldu dutenez, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango da, eta marrazketaren bitartez, bailarako biodibertsitatea ezagutuko dute. 

Bestetik, Bergarako geologia eta ondarea familian ezagutzeko saioak egingo dituzte uztailaren 11n eta 12an: herriko arroka-motak ezagutu, eta ondoren, kaleetan barrena ondare arkitektonikoan identifikatuko dituzte. 

Horiez gain, dolmenen ibilbidea ere antolatu dute Karakate-Irukurutzeta mendilerroan –egutegia webgunean dago–. 9 Km-ko ibilbidean 7 monumentu megalitiko bisitatuko dituzte, eta bukaeran, gazta, ogia eta sagardoa dastatuko dute. 

Beste eskaintza bat Lorategien taupada berdea izeneko da. Lorategi historikoak bisitatuko dituzte parte-hartzaileek, eta bertan dauden landareak ezagutuko dituzte biologo batek lagunduta.

Bukatzeko, Amaia Arranzek eskainitako Arkeobotanika saioa egingo dute uztailaren 15ean. "Elikaduraren sustraietara" joko dutela azaldu dute, eta Ekialde Hurbileko ehiztari-biltzaile eta lehen nekazarien elikagaiak aztertuko dituzte. Saioa online jarraitzeko aukera ere egongo da.

Erreserben arabera egingo dira gainerakoak

Bisita monumentala deitutako ibilbidea izango da erreserbatu beharreko ekintzetako bat. Parte-hartzaileek Bergarako hirigune historikoa bisitatuko dute, eta arkitekturaz ikasi eta gozatzeko aukera izango dutela azaldu dute antolatzaileek. 

Beste bisita-gidatu bat Lorategien ibilbide historikoa da. Kasu horretan, herriko erdigune historikoan dauden berdeguneak bisitatuko dituzte eta sei lorategien historia eta arte-ezaugarriak ezagutuko dituzte.  

Bi horiez gain, Museoa gidatua bisita ere eskainiko dute, eta bertan,  Errekalde jauregian dagoen museoa ikusiko dute: zientzia bildumak, kimika eta fisikako instrumentuak, giza anatomia ikasteko modeloak eta zoologiari lotutako ikasgaiak daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak