"Aisialdi dinamizatua eta aktiboa" Bergaran, udaleku irekiak eta kirol campusa suspenditu ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 12a, 16:08

Iazko udaleku irekien barruan sanferminak ospatzeko ekitaldia, San Martin plazan.

Bergarako Udalak jakinarazi berri du Udaleku irekiak eta Kirol campus eskaintzak bertan behera geldituko direla, partaide kopuru aldetik "muga handiak" daudelako. Horren ordez, Uda Aktiboa izeneko programa garatu du herriko ikastetxeekin eta Jardunekin batera, ekainaren 29tik uztailaren 24ra arteko aurreikuspenaz.

"Udala, beste eragile batzuekin batera, udarako eskaintza integral bat garatzen ari da, herriko haur eta nerabe guztiei begira. Eskaintza gehiago zehaztu ahala, jakinaraziko da", adierazi dute Udaletik. 

Udal Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, alarma egoerak baimenduko zuela aurreikusi zenetik, ahaleginak egin dituzte aisialdi hezitzaile eskaintza antolatzeko: "Plan Integrala ari da garatzen Udala, datozen hilabeteetan COVID-19ak eragindako krisiari alderdi askotatik aurre egiteko, eta horren barruan kokatzen da ume eta gaztetxoei zerbitzua emateko ekimen hau. Ezohiko egoera honetan, baldintza berrietara moldatutako haur eta gaztetxoentzat aisialdia eskaintzeko apustua egin du Udalak, horretarako indarrak eta baliabideak jarrita".
 
COVID-19ak eraginda aurten udaleku irekietarako eta kirol campuserako eskaintza zabaltzea erabaki du Udalak, ohiko egoera baten baino eskaintza murritzagoa. Edozelan ere, udaleku irekiak eta kirol campusa ez egitea erabaki dute: "Hirugarren fasean haur eta nerabeentzako aisialdi jarduerak egitea aurreikusita zegoen, baina kopuru aldetik muga oso handiak daude. Guztira 200 lagunek parte hartu dezakete,  begiraleak barne. Eta aurtengo aurre-inskripzioan 475 haurrek eman dute izena udaleku irekietan eta kirol campusean parte hartzeko, oraingo baldintzetan kudeatzeko ezinezkoa dena".

Uda Aktiboa izeneko programa abiatu dute alternatiba gisara, herriko ikastetxe guztiekin eta Jardunekin batera garatutakoa: "Udalak ezinbestez aipatu eta eskertu nahi ditu Jardun, herriko ikastetxeak eta guraso elkarteak egitasmo hau gauzatzeko izan duten jarreragatik". Gaineratu dute eskaintza honez gain, Udala, beste eragile batzuekin batera, "udarako eskaintza integral bat" garatzen ari da, herriko haur eta nerabe guztiei begira: "Eskaintza gehiago zehaztu ahala, jakinaraziko da".

Uda aktiboa programa

Lehen Hezkuntzako haurrak: Programa udaleku irekietan izena eman eta Lehen Hezkuntzako 1, 2, 3, 4 eta 5. mailako umeei zuzenduta dago; hau da, 2009-2013 urte bitartean jaiotako umeei (biak barne).  Hiru asteko uda aktiboa ekainaren 29tik uztailaren 17ra izango da; eta lau astekoa ekainaren 29tik uztailaren 24ra. Goizean gauzatuko da 10:00-13:00 ordutegiarekin eta Jardunek kudeatuko du.

Haur Hezkuntzako haurrak: herriko ikastetxe guztien, guraso elkarte eta Udalaren artean adostuta, Haur Hezkuntzako haurrek ere izango dute Uda Aktiboaz gozatzeko aukera. Lehen Hezkuntzako haurrentzat ezarritako tarifa berarekin, ikastetxe guztiek eskainiko dute zerbitzua. Horretan izena emateko, norberaren ikastetxera jo beharko da.

Aisialdi dinamizatu eta aktiboa izango da eta lehentasuna ondorengoei emango zaie:

  • Guraso biak lanean dauden familiak.
  • Lanean dauden guraso bakarreko familiak.
  • Lanean dauden banandutako gurasoak (bata eta/edo bestea lanean egonik ere).
  • Arrazoi bereziengatik zaintza zerbitzua ezinbestean behar duten haurrak (egoera zaurgarrian dauden familiak).

Lehentasuna duten umeekin gehienezko kopurua beteko ez balitz, udaleku irekietan eta Kirol campusean aurrez izena eman duten eta horrela nahi dutenen artean zozketa egingo da. Zozketaren emaitza ekainaren 23an emango da.

Bi tarifa mota

Tarifa arruntaren kasuan, Udalak %50 finantzatzen du zerbitzua, eta tarifa sozialaren kasuan %77. Tarifa soziala aplikatuko zaie Bergaran erroldatuta egon eta urtean diru sarrera hauek baino baxuagoak dituzten unitate familiarrei:

  • Bi pertsonako unitate familiarra 20.105,04
  • Hiru pertsonako unitate familiarra 23.776,22
  • Lau pertsona edo gehiagoko unitate familiarra 27.447,27
  • Tarifa soziala aplikatzea Udaleko erregistro nagusian eskatu beharko da ekainaren 21 baino lehen dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

Ordainketa transferentzia bidez egingo da kontu hauetako batean:

  • Laboral Kutxa: 3035 0009 16 0090900017
  • Kutxabank: 2095 5070 71 1062071534

Ikastetxeek eskaintza hau egin ahal izateko baliabide ekonomikoak jarriko ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak