Uztailaren 5ean ez ditugu San Martzialgo zelaiak jendez beteta ikusiko, bergarar askorendako urteko egunik berezienetakoa dena ere ezingo da ospatu COVID-19ak eragindako alarma egoeragatik. "Alarma egoerak irauten duen bitartean Udalak ez du antolatuko jai edo kultur ekitaldirik modu presentzialean. Era berean, herritarron osasuna bermatzeko, Pentekosteetan eta San Antonioko jaietan jokatu moduan, Udalak ez du jairik ospatuko eta ez du halakoetarako baliabiderik jarriko datozen asteetan. Sanjuanetarako ere irizpide bera izango dugu", adierazi du Udal Gobernuak.
San Martin jaiei itxaron behar
Sanmartzialak alarma egoeratik kanpo egonda ere, erabaki dute bertan behera uztea: "Aurten sanmartzialak ez dira ospatuko, bizi dugun osasun-krisi egoera honetan ez delako bideragarri ikusten halako jende pilaketa eta jai mota uztartuko lituzkeen egitaraua formulatu ahal izatea. Hortik aurrera, egoera aldatzen joango balitz, Udalak erabakiko luke gainontzeko ospakizunen aurrean zer irizpide berri hartu". Udan zehar auzo batzuetan izan daitezkeen jaiez gain, sanmartinak izango dira hurrengoak.
Seminarixoko ekitaldien dirua
Bestalde, asteon iragarri dute alarma egoera bukatzearekin bat asmoa dutela Seminarixoko emanaldietarako txarteldegian bertan erositako sarreren itzulketa egiteko; sei emanalditako dirua itzuliko dute. Internetez erosi zituztenek dagoeneko eskuratu zuten sarreren dirua, eta ekaina bukatu aurretik gainontzekoei itzuliko zaie. Hiru egun hauetan irekiko da txarteldegia suspenditu behar izan ziren ekitaldietako sarrerak jasotzeko: ekainaren 22an eta 23an, 10:00etatik 12:30era; eta ekainaren 24an, 18:00etatik 20:00etara.