Hiru hilabeteren ostean, gaur hasi dira eskola presentzialetara itzultzen Musika Eskolako ikasleak. Hala, gaurtik aurrera, 14 urtetik gorako ikasleak arituko dira aurrez aurreko eskoletan, betiere bakarkako saioetan. Aurreikusitakoaren arabera, eta "dena ondo badoa", datorren astelehenean, ekainak 15, 8 urtetik gorako ikasleak ere eskola presentzialetara batuko dira, hauek ere banaka.
Ekainaren 26ra arte
Musika Eskolatik zehaztu dutenez, Hezkuntza Sailak egindako kontingentzia-plana jarraituz, protokolo bat diseinatu dute, ikasturtea amaitu arte indarrean egongo dena. Horren baitan, eskolak aste bat luzatzea erabaki dute: "Musika eskolatik uste dugu gure ikasleekin aurrez aurre berriz elkartzea benetan positiboa izango dela, eta beraz, klaustroaren erabakia izan da aste bat gehiago luzatzea klaseak, hau da, ekainaren 26ra arte".
Zenbait moldaketa
Era berean, azaldu dute segurtasun neurriak bermatzeko moldaketa batzuk egon daitezkeela: "Ordutegi aldaketa txikiak egon daitezke, sarrera-irteeren pilaketak sahiesteko, ordutegiak ikasgelen desinfekziora egokitzeko, ikasgelak tamainaren arabera berrantolatzeko,...". Datorren ikasturtea, 2020-21, aurrez aurre eskaini ahal izateko "atsedenik gabe lanean" ari direla adierazi dute Musika Eskolatik.