13 urte zituenetik aritu da artea egiten Jokin Oregi ilustratzaile eta muralgile bergararra. Mr. Sor2 izenez ezaguna, metodo ar-tistiko askorekin lan egiten du, bere estiloa barruko eta kanpoko giroetara egokituta eta, askotan, pintura surrealista zehatzak sortuz. COVID-19 gaitzak eragindako konfinamenduan ere hainbat sormen proiektu garatzen aritu da bergararra, etxetik bada ere. Aitortu duenez, "gustura" hartu du etxean egoteko tartea, eta bestela denbora faltagatik baztertuta zituen proiektu pertsonalak garatzeko tartea izan du.
Erakusketa birtuala
Konfinamenduan egindako lanekin ere Gasteizko ARTgia aretoak abiarazitako #ARTdemia izeneko erakusketa birtualean parte hartu bergararrak azkeneko hilabeteetan. Erakusketaren helburua da une zail eta aurrekaririk gabeko hauetan adierazpen askearen premia aldarrikatu eta kulturak bizi duen egoera larria agerian uztea. Izan ere, antolatzaileek zehaztu dutenez, "artista guztiak egoera berean egonda, entzierroan, lehenengo aldiz guztiak berdintzen dituen ikuspegi batetik sortutako erakusketa da #ARTdemia".
Hala, guztira aurkeztutako 78 sormen-proposamenen artean, 30 aukeratu dituzte #ARTdemia proiektuaren parte izateko; tartean, Jokin Oregiren (Mr. Sor2) Safe lana.
Proiektu ugari esku artean
Pandemiak lanez gainezka zebilela harrapatu zuen Mr. Sor2, eta, azaldu duenez, egoera normala balitz une honetan Txinan beharko luke, zenbait lan egiten. Bergaran ere proiektu bat garatzen hasi behar duela zehaztu du hark.
Datorren asterako Australiako musika areto garrantzitsu batentzat lan bat egin behar duela azaldu du: "Musika areto garrantzitsu bat da Australian, eta bertako merchandising-erako diseinuak egin behar ditut proiektu horrekin, pandemiaren gaia aitzakia hartuta".
Bartzelonan ere fatxada batean mural bat garatzeko proiektua zuen esku artean bergararrak, baina egoera ikusita atzeratu egingo den susmoa du. Egunkari batekin elkarlanean ere hasiko dela azpimarratu du: "Euskal Herriko hogeita hamar ilustratzaile ariko gara hainbat testuri irudia jartzen. Nire kasuan, mugikortasuna oinarri duen lan bat bukatu berri dut bertarako asteon".
Etorkizunari begira
Azken bi urteetan lan "dezente" izan duela aitortu du, eta hainbat kasutan ezezkoak eman behar izan dituela, "denbora faltagatik". Oregik azaldu duenez, diziplina bakar batera mugatuta ez egoteak ate asko ireki dizkio orain arte: "Ilustrazio digitala, koadroak, muralak, eta abar egiten ditut. Ilustratzaile moduan lan pila bat dut; pandemiak harrapatu gintuen arren, lanean jarraitu dut".
Australian ere pintura festibal batean parte hartzea zuen aurreikusita hemendik gutxira, eta bergararrak zehaztu du bertako zenbait ekintza era telematikoan egingo dituztela, edo, pilaketarik ez egoteko, txandaka antolatuko dituztela. Atzerrian zituen plan guztiak bertan behera geratu dira: "Ez dakigu noiz arte atzeratuko dituzten edo zelan egingo diren, ea egoera nola doan".
Era berean, COVID-19a dela-eta komertzio askok ateak itxi dituztela azaldu du Oregik, eta berriz ere zabaltzerakoan aire berri bat eman nahi dioten zenbaitek bere lanetara jo dutela adierazi du.