2011n hasitako tradizioari jarraiki, Pentekoste jaietan ongietorria egitekoak ziren haur jaioberriei. Iazko jaietatik aurtengo jaietara arte jaio diren haurrei egingo liekete gonbita. Egun horretan, Pentekoste jaietako zapitxoa ematen zaie jaioberriei, udaletxeko areto nagusian, eta Bitorianatxorekin argazkia ateratzen dute askok. Baina koronabirusaren krisiaren ondorioz, bertan behera geratu da aste honetan gauzatuko zen ekintza. Ainhoa Lete zinegotziak azaldu duenez, "egitaraua guztia bertan behera geratu da, jaioberrien ongietorria barne, eta, momentuz, hurrengo urtera arte, ez da beste datarik aurreikusten".
Ekitaldi berezia herritarrentzat
Hamargarren edizioa izango zen aurtengoa; 2011n jaietako batzordean jasotako proposamena du oinarrian. Pena handiz hartu dute erabakia herritarrek; bereziki, aurten guraso bilakatu diren familiek. Ekitaldiaren helburu nagusia "jaioberriak jaietan integratzea" da, eta zapia erabiltzen da horren adierazgarri. Ilusio eta emozio handiko ekitaldia izaten dela azaldu du berriki ama izan den Intza Zabaleta bergararrak: "Azkenengo urteetan lagunen umeak ikustera joan gara jaioberrien ongietorri ekitaldira, eta egun oso polita izaten da. Pena da guk ezin egitea. Iker nire senarrarentzat eta biorentzat oso berezia da ekitaldi hori. Herrian egiten diren hainbat ekintzatan parte hartzen dugu, eta gogotsu geunden aurten Julerekin batera ekintza honetan egoteko. Ea aurrerago egiteko aukera dugun".
Gurasoak, pena handiz
Ilusio handia zuten gurasoek, baina egoera ulertzen duela eta orain beste kontu garrantzitsuagotan pentsatu behar dela azaldu Zabaletak: "Nork esango zuen orain dela lau hilabete egoera horrela egongo zenik! Baina mentalizatu gara dagoeneko. Gure bizimodua asko aldatu da; beraz, aurreikusten genuen bertan behera geratuko zela. Momentu honetan beste kontu batzuk garrantzitsuagoak direla uste dut. Dena hoberantz badoa, agian, aurrerago egiteko aukera dago. Ekitaldi polit honetaz gozatzea bikaina izango litzateke".