Musika Eskola ezagutzeko, online ate irekiak bihar

Jone Olabarria 2020ko mai. 22a, 12:48
Iazko udaberriko kontzertuaren irudi bat. Aurtengoa domekarako, hilak 24, zegoen aurreikusita.

Zapatuan, hilak 23, egingo dute ate ireki saioa, 10:30ean, internet bidez. Hala, Musika Eskola ezagutzeko aukera egongo da bihar, baita ostean ere, saioa gordeko baitute. Izen emate epea zabalik dago maiatzaren 18tik ekainaren 19ra arte.

Musika kultura "sustatzeko" eta Bergarako musika taldeen "harrobi" izateko helburuarekin, 2020-2021 ikasturteko matrikulazio epea zabaldu dute aurten ere Bergarako Musika Eskolan. Maiatzaren 18tik ekainaren 19ra egin ahalko da, webgunearen bitartez, eta eskola hobeto ezagutzeko, gainera, maiatzaren 23an, zapatuan, goizeko hamar eta erdietan ate irekiak egingo dituzte, online.

Ate irekietan parte hartzeko, eskolaren webgunean sartu beharko da: "Ate ireki hauek gure sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean, Youtubeko streaming estekaren bidez; ez dago aurrez izena eman beharrik". Jakinarazi dutenez, interesa duen norbaitek une horretan online bisita egiteko aukerarik ez badu, bisita birtuala gordetzeko asmoa dute, edozein unetan eskuragarri izateko asmotan. Gogorarazi dute lehen aldia izango dela halako ate irekiak egiten, eta COVID-19 gaitzak larrialdi egoera behartu aurretik ekitaldi ugari antolatuak zituztela azaldu dute; horren adibide, domekan egitekoa zen udaberriko kontzertua.

Musikan barneratzeko aukera

Horietako bat da, hain zuzen, Willy Wonkaren fabrika musikatua proiektua: "5 eta 7 urte bitarteko haurrek Musika Eskola ezagutzeko asmoz, ipuin berezi bat prestatzen ari ginen, Willy Wonkaren fabrika musikatua izenekoa. Bergarako adin tarte horretako 422 haurrak guretik pasako lirateke, taldeetan, eta ipuin batekin musikaren munduan barneratzeko aukera izango lukete".

Eskaintza zabala

Hainbat esparru jorratzen dituzte, hala nola musika sinfonikoa, musika herrikoia eta gaur egungo musika. Bergarako Musika Eskolak ikasle guztiei taldeetan parte hartzeko aukera ematen die: Orkestra Sinfonikoa, Gazte Banda, Big Band, konboak, abesbatzak, akordeoi taldea, gitarra taldea, trikiti taldea, txistu taldea eta dantza taldea.

Taldeetan lanean

Talde hauen helburu nagusia klaseetan ikasitakoa praktikan jartzea dela azaldu dute: "Beste ikasleekin musika egitea da, disfrutatzea". Musikak adinik ez duela ere gogorarazi dute Musika Eskolatik: "3 urterekin hasi zaitezkete musika ikasten, baina goitik ez daukagu inongo mugarik. Beti izan baduzu musika ikasteko gogoa, orain da momentua".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak