Bi hilabeteren ostean, plazako mobilizioak berreskuratu ditu Pentsiodunen Mugimenduak

Jone Olabarria 2020ko mai. 20a, 10:03

Astelehenean San Martin plazan egindako mobilizazioa, segurtasun neurriak mantenduz.

Astelehenean itzuli ziren Bergarako Pentsiodunak ohiko plazako mobilizazioetara. Konfinamenduan emandako bi hilabeteen ostean, pentsio sistema duin bat aldarrikatzen jarraituko dutela azaldu dute, baita COVID-19ak eragindako egoerak adineko pertsonengan izan dituen ondorioak salatzen.

Bi hilabete konfinamenduan eman ondoren,  leiho eta balkoietan mobilizazioak alde batera utzi eta  astelehenean itzuli ziren Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduko kideak kaleetara. Haien "haserrea" erakusteko asmoz, pandemiak  adineko pertsonengan eta pentsiodunengan eragin dituen ondorioak salatu zituzten eta era berean, gogorarazi nahi izan zuten Gipuzkoako adinekoen etxeetan, apiril amaierara arte 160 pertsona hil direla, horietako gehienak "bakardade osoan"  eta  "hurbilekoen azken agurraren kontsolamendurik gabe".

"Iragarritako egoera"

Elkartasuna adierazteaz gain, gertatutakoa "iragarritako drama baten kronika" dela salatu dute: "Pentsiodunok urteak daramatzagu salatzen mendekotasunaren arretarako sisteman izandako murrizketak. Zerbitzu Publiko bat pribatizatzeko joera inposatu digute; eskubide unibertsal eta subjektiboa izan behar zuena ukatuz. Mendekotasuna duten adinekoei etxean ematen zaien arreta eta adinekoen egoitzetan bizi direnek jasotzen duten zerbitzua jada eskasak ziren pandemiaren aurretik, eta pandemiak bere gordintasun osoa azaleratu du".

Osasun langileekin elkartasuna

Osasun arloko langileentzat lan-baldintza egokiak eskatu dituzte, "beren lana duintasunez eta profesionaltasunez egin ahal izan dezaten". Egoera hori ere pribatizazio-politiken eta azken urteetan izan den lanpostu- murrizketen ondorioa dela azaldu dute: "Ezin dugu onartu, gure behar eta eskubideekin negozioa egiten jarraitzea. Erantzunen zain jarraitzen dugu eta kalean jarraituko dugu, Pentsio Publiko duinen Sistema Publikoa, Zerbitzu Publiko Unibertsalak eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu soziosanitarioen sare publiko eta unibertsala defendatzen".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak