"Astindu ekonomikoari" aurre egiteko, 1,5 milioi euroko kreditua eskatu nahi du Bergarako Udalak

Xabier Urtzelai 2020ko mai. 18a, 17:41
Ezkerretik hasita Aitor Arantzabal, Gorka Artola eta Ainhoa Lete, gaurko prentsaurrean, segurtasun distantziak zainduz.

COVID19aren krisiak bete-betean eragingo du Bergarako Udalak urte hasieran onartuta zituen aurrekontuetan. Eta, Udal Gobernuak gaur aurkeztu ditu krisi horri aurre egiteko neurriak. Zubieta kalearen berrurbanizazioak, Agorrosingo futbol proiektuaren idazketak eta jolasparke estaliak, oraingoz, itxaron egin beharko dute.

2020 urterako onartuta zegoen aurrekontua 25,2 milioi eurotakoa zen, eta koronabirusaren krisiaren ondoren Bergarako Udalaren sarrerak 21,3 milioi eurotakoak izatera pasa dira. Horrenbestez, hasierako aurrekontuarekiko defizita ia 4 milioi eurotakoa izatera pasa da (3,9 milioi). Eta horrek aldaketak ekarri ditu Udalaren lehentasunetan. "Horren aurrean, departamentuz departamentu berrikusten dihardugu diru sarrera eta gastuak, gaurko egoerari erantzungo dioten aurrekontu errealistak osatzeko. Lehentasun berriak ezarri dira, eta horretarako zenbait inbertsio mahaigainean utzi beharko dira", adierazi du Gorka Artola alkateak.

Milioi eta erdiko kreditua egoera berriari aurre egiteko

Hala, Artolak gogorarazi du Udalak hainbat inbertsio handi lehenagotik konprometituta dituela (2,5 milioi eurotakoak), eta horiekin aurrera egingo dutela; baina, horrek moldaketak egiteko aukera txikia uzten die. "Inbertsioetan egoten da gastuen arloan moldaketa esanguratsuak egiteko aukera, eta 2,5 milioi euro jada konprometituta baldin baditugu, moldaketak egiteko aukera txikia dugu".

Hori horrela, Udalak aurtengo aurrekontua egoera berriaren defizitera egokitu ahal izateko kreditu bat eskatzeko beharra ikusi du. Eta lehen aurreikuspenen arabera 1,5 milioi eurotakoa kreditua eskatzea da asmoa.

Bestalde, Bergarako Udalak 2,3 milioi euro inguruko gerakina zuen aurreko urtetik. Hortik zati handi bat Zubieta kalearen berrurbanizaziora bideratzeko asmoa zegoen. Beste 1,3 milioi Seminarioko parkinga egin beharko balitz gordetzeko konpromisoa hartuta zuten... Alkatearen esanetan, baina, "Gerakineko dirua sortutako behar berriei erantzutera eta udal kontuen defizita estaltzera bideratu beharra izango da. Eta, bergararrak bazterrean ez lagatzea da gure lehentasun nagusia".

Udalaren diru sarrerak bereziki non jaitsi diren:

  • Foru fondoa: 2.102.311 euro.
  • Agorrosin kirol gunea: 580.000 euro.
  • Atzeratutako eta bertan behera lagatako zerga eta tasak (terrazak, itxi egin behar izan
    duten negozioak): 90.000 euro.
  • Bestelako diru sarrerak (ICIOa, aprobetxamenduak, kale okupazioak, IAEn jaitxiera,...):
    1.100.000 euro inguru.

Covid19agatik Udalarendako nabarmen igo diren gastuak:

  • Gizarte zerbitzuak: Gizarte Larrialdietarako Udal Laguntzetarako diru izendapena 63.000
    eurotan handitu da eta hala ere agortzear dago dagoeneko. Berriz handitzea aurreikusten da,
    beharrak nabarmen hazi dira eta.
  • Hirugarren adinekoen arretarako zerbitzu batzuetarako alta berriak bertan behera geratu
    direnez (egoitzak eta eguneko zentroak) etxez etxeko zerbitzuko beharrak hazi litezke eta
    horri aurre egiteko lerroak handitu beharra aurreikusten da, Udalak aurre egiten dihardu eta
    gainkostu horri.
  • Egoeari aurre egiteko EPIak eta langileentzat babes neurriak: 21.400 euro.
  • Kale desinfekziorako produktu eta tresnak: 30.000 euro inguru maiatzerarte.
  • Herriko aktibitateak berraktibatzeko diru laguntza lerroak, 340 000 euro.
  • Behar eta egoera berriei erantzuteko lerroak ere izendapen berriak beharko dituzte.

Berrikusitako aurrekontuan aurreikusten diren inbertsioak:

  • Txakur parke bat.
  • Ortu komunitarioak.
  • Ibargaraiko berrurbanizazioa.
  • Amillagako berrurbanizazioa.
  • Labegaraietako kiroldegiaren 2. fasea.
  • San Martin eskolako lehioak aldatzea.
  • Haurreskolaren atarian estalpea.
  • Albitxuko ur-hoditeria berritzeko lanen 2. fasea.

Berrikusitako aurrekontuetatik kanpo geratzen direnak:

  • Zubieta kalearen berrurbanizazioa.
  • Agorrosingo futbol zelaiaren proiektuaren idazketa.
  • Jolasparke estalia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak