Isabel Salud: "COVID-19aren osteko mundurako ere garrantzitsua izango zen Anguitaren ekarpena"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mai. 16a, 17:21

Isabel Salud Bergaran, 2018an.

Katalunian jaio arren 1989az geroztik Bergaran bizi da Ezker Anitzako koordinatzaile orokor Isabel Salud. Julio Anguita militante eta "erabateko erreferentearen" heriotzak sorpresaz harrapatu dutela dio: "Bihotzeko arazoak izan ditu azken urteetan eta ohituta geunden arazo horiek gaindituko zituela pentsatzera. Baina oraingoan ez da horrela izan; maisuak utzi gaitu, COVID-19aren osteko mundurako ere ahots oso garrantzitsua izango zenak".

Anguitaren heriotzaren berri izan eta ordu gutxira jaso du GOIENAren deia Isabel Saludek: "Sorpresaz harrapatu gaitu eta orain bertan prentsa oharrak, bideoak eta bestelakoak osatzen ari gara. Egun oso tristea da gaurkoa; erreakzio asko eragin ditu, halako erreferente batek bere esparru politikoa gainditzen duelako".

Zertan ari zen Julio Anguita ospitaleratu aurretik?

COVID-19ak eragindako krisia arintzeko lanean, askotariko kolektiboekin elkarlanean. Osasun krisiaren osteko krisi ekonomikoaren eraginari aurre egiteko ari zen lanean, betiere langile klasea babesteko. Ezkerraren batasuna zuen helburu oraindik ere, betiere programa oinarri hartuta. Beti ulertu duelako politika programa adostu baten oinarritua. Haren diskurtsoetako konstante bat zen: "Programa, programa, programa".

Zer galdu du Ezkerrak Anguitaren heriotzarekin?

Irakaslea, maisuak utzi gaitu. Etxe barruan oso maitatua zen baina, aldi berean, oso errespetatua zen Alderdi Komunistaz edo Ezker Anitzaz harago. Anguita izan da muga horiek gainditzea lortu duen Ezkerraren buruzagi bakarrenetarikoa. Oso koherentea eta formakuntza handikoa –eta formakuntzaren sustatzaile itzela– zen... Gazteei behin eta berriz saiatzen zen formakuntzaren garrantzia nabarmentzen; hala esan ohi zuen askotan: "Errealitatea eta mundua aldatzeko, errealitatea eta mundua ondo ezagutu behar dira".

Nola ezagutu zenuen? Nolako harremana zenuen berarekin?

Ez dut gogoratzen nola ezagutu nuen eta ezin dezaket oso harreman estua nuenik. Hitzaldiren bat edo beste aurkeztu izan dut eta alderdi barruko jardunaldi edo mintegietan ere egon izan gara. Hala ere, gogoan daukat zein maitatua zen Kordoban [Kordobako alkate izan zen 1979tik 1986ra]; politikako lehen planotik erretiratu ostean Kordoban berarekin egondakoa naiz eta jende guztiak gelditzen zuen. Asko gustatzen zitzaion herritarrekin gertuko harremana izatea.

COVID-19aren osteko mundurako ere erreferente garrantzitsua izango zela uste duzu?

Uste dut baietz. Bere hausnarketak oso aberasgarriak ziren guztiontzat. Bihotzekoak jo aurretik COVID-19aren aurka ari zen lanean eta ostean ere garrantzitsua izango zen bere ekarpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak