Labegaraietako kiroldegia barrutik berritzeko lanak adjudikatu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mai. 15a, 18:40

Udaleko eta enpresa eraikitzaileko ordezkariek bisita egin dute gaur.

Bergarako Udalak aditzera eman duenez, Labegaraietako kiroldegia berritzeko lehen fasea amaitzear dago eta bigarren fasea, kiroldegia barrutik guztiz eraberritzekoa izango dena, adjudikatu dute dagoeneko. Artzamendi enpresak arduratuko da lanok gauzatzeaz, eta aurrekontua 1.502.396 eurokoa da (BEZ barne). Lanak maiatza bukatu aurretik hasiko dira eta aurreikuspena da urtea amaitu aurretik bukatuta egotea.

Labegaraietako kiroldegiak erabilera handia izaten du eta lan honek Labegaraietako auzotarren zein kirol azpiegituren erabiltzaileen aspaldiko premiei erantzuna emango die. Gainera, Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundutako lanak dira eta lehen fasea ia bukatuta, ezinbestekoa da bigarren faseari heltzea aipatutako diru-laguntzak jaso ahal izateko. Horregatik Udalak erabaki du lehen eta bigarren faseko lanak denboran solapatzea.

Diputazioaren diru-laguntza jasotzeko (589.000 euro) bigarren fasea lehena bukatu aurretik hasiko da.

Construcciones Artzamendi ari da lehen fasea egiten, bukatzear dagoena, eta honako lanetan ari dira: sei aldagela egiten, bi komun, epaileendako aldagela bat, Beti Busti piragua taldearendako biltegia eta konponketa gela eta atzeko eskailera zein sarrera egokitzen.

Bigarren fasea izango da potoloena

Orain Udalak kiroldegiaren barne eraberritzea egiteko faseko lanak esleitu ditu. Artzamendi enpresak egingo ditu eta aurrekontua 1.502.396 eurokoa da (BEZ barne). Obraren zuzendaritza, berriz, Sestra enpresak egingo du (54.794 euro). Artzamendi enpresak lizitazio oinarritik 38.000 euro jaitsi du aurrekontua eta hainbat hobekuntza aurkeztu ditu: kantxan markagailu modernoago bat jarriko du; espazio anitzetako altzariak jarriko ditu; zubi-garabiaren kanpo aldeko egituran hobekuntzak egingo ditu; eta rokodromo itxian aroztegi metalikoa jarriko du.

Bigarren fasearen aurrekontua da 1.557.190 euro; maiatza bukaeran hasiko dira lanak eta espero dute urtea amaitu aurretik bukatuta egotea.

Bigarren fase honetan egingo dira honako lanak, batez ere:

- Sarrera aldatu (igogailuak eta eskailerak).
- Eserlekuen berrantolaketa.
- Tabernaren berrantolaketa.
- Kantxako lurra aldatu.
- Biltegiak egokitu.
- Rokodromoa birmoldatu.
- Aparkalekutik kantxara sarrera egokitu.

Lanak maiatza bukatu aurretik hasiko dira eta aurreikuspena da urtea amaitu aurretik lanak bukatuta egotea.

Pabiloi zaharra botatzearen aurrekontua izan da 42.168 eurokoa.
Eraberritzearen lehen fasearen aurrekontua izan da 948.640 eurokoa.
Eta bigarren fasearena, berriz, 1.557.190 eurokoa.

Esandako moduan, Gipuzkoako Diputazioak 589.000 euroko diru-laguntza bideratu dio Bergarako Udalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak