Ndank Ndank elkarteak 1.800 euro izango ditu Dionewarrerako jakiak erosteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko mai. 10a, 19:33

Sarr, Dominguez eta Pedrejon, umeekin.

Bergarako kultura-aniztasuna eta garapenerako lankidetzarako elkarteak diru bilketa egin du asteon. Helburua Senegalgo Dionewarreko herritarrendako jakiak erostea izan da; eta, pozik daude jaso duten erantzunarekin. 1.800 bat euro lortu dituzte.

Koronabirusak Senegalen izan dezakeen eraginaren ondorioak apaltzea izan da helburu nagusia; izan ere, Dionewar irlako ekonomiaren oinarria arrantza da, eta egun bizi dugun osasun larrialdiaren ondorioz mugatuta dute arrantza egitea.

3 tona arroz eta 500 litro olio

Astebete honetan 1.500 bat euro batu dituzte eta horri gehitu behar zaizkio elkarteak jarriko dituen 300 euroak. "Oso pozik gaude. Dirua bideratuko dugu Dionewarren dagoen emakumeen kooperatibara. Eurak arduratuko dira jakiak erosteaz: 3 tona arroz eta 500 litro olio erosiko dituzte, herriko familia guztiei banatzeko", azaldu du elkarteko kide Nora Pedrejonek.

Dionewarren ez dago koronabirus kasurik

Dionewar 5.000 bat biztanleko herria da. "Gaur egun ez dago koronabirus kasurik, baina Senegalen 1.500 bat kutsatu daude", dio Mamadu Sarrek.

Proiektuak, airean

Elkarteko kide Eli Dominguezek nabarmendu  du herrialdeko mugak itxita daudela eta ondorioz bertan behera utzi behar izan dutela orain egitekoak ziren proiektu bat: "Kultur areto bat eraiki nahi dugu; eta, hain justu, arkitektoa han zegoen mugak itxi zituztenean. Itzuli egin behar izan da. Helburua da eraikuntza teknika jasangarriak erabiltzea eraikina jasotzeko; eta, horretarako, hango gazteak trebatu gura ditugu".

Iaz egin zuten moduan, aurten ere uda partean Senegalera joateko asmoa dute hainbat bergararrek. Joaterik izango duten edo ez, oraindik ez dakite.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak