Dionewar herrian jakiak erosteko diru bilketa abiarazi du Ndank-Ndank elkarteak

Jone Olabarria 2020ko mai. 8a, 11:38

COVID-19 gaitzak eta horrek eragindako krisiak Senegalgo Dionewar herrian izan ditzakeen ondorioak apaldu eta elikagaiak erosteko kanpaina abiarazi Ndank-Ndank elkarte bergararrak. Domekara arte egongo da zabalik donazioak egiteko epea.

Kultura-aniztasuna eta garapenerako lankidetzarako Ndank-Ndank elkarte bergararrak Senegalgo Dionewar herriko familiei oinarrizko produktuak ziurtatzeko diru bilketa kanpaina bat abiarazi du. Elkarteko kide Eli Dominguezek azaldu duenez, elkarteak berak 300 euro bideratu ditu proiektu horretara eta herritarrek ere laguntzeko aukera dute, dirua dohaintzan emanda.

Erantzun "positiboa"

Astelehenean, hilak 4, abiarazi zuten diru bilketa, eta, elkartetik aitortu dutenez, bergararrek emandako erantzuna "positiboa" izan da: "Bi egun daramatzagu eta dagoeneko 500 euro inguru batu ditugu herritarren partetik. Lortutako diruarekin elikagaiak erosiko ditugu; gehienbat, arroza, olioa eta barazkiak. Behar gehien dituzten herriko familien artean ere diru apur bat banatzea da asmoa".

Kutsaturik ez herrian

Elkartetik jakinarazi dutenez, Senegalen COVID-19 gaitzak 1.200 lagun inguru kutsatu ditu, oraingoz, baina Dionewar herrian ez dute kasurik atzeman. Azaldu dutenez, kasuren bat izango balitz egoera "zaila" izango litzateke: "Segurtasun eta higiene neurri zorrotzak hartu dituzte herrian, baina denak batera bizi dira komu-nitatean. Astean pare bat aldiz joaten da medikua bertara. Koronabirus kasuren bat agertuz gero, egoera zaila izango litzateke".

COVID-19 gaitzak hartutako bidea ikusita Senegalgo Gobernuak ere neurriak hartu dituela azaldu dute, eta, ondorioz, herriko mugetatik ezin irtenda daude Dionewarko biztanleak.

Bizimodua, arrantzatik

Elkartetik azaldu dutenez, herritarren %80 arrantzatik bizi dira herrian, eta mugitzeko debekua dela-eta haien jardun ekonomiko nagusia gauzatzeko zailtasun ugari dituzte: "Desplazamenduetan ezarritako debekuen ondorioz, ezin dute ohiko eran arrantzatu, eta ondorio ekonomiko latzak izan ditzake horrek".

Epea zabalik

Domekara arte, hilak 10, diru bilketan parte hartzeko epea zabalik egongo da. Laguntza eskaini nahi duten herritarrek hainbat bide dituzte: elkarteko kontuetara dohaintza eginda, ES58 2095 5070 70 91193948 23 (Kutxabank) edota ES86 3008 0169 52 2459228025 (Nafarroako Rural Kutxa). Bizum bidez ere egin daiteke, 679 32 42 99 zenbakian (Ainhoa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak