Bergarako komertzioak laguntzeko 20.000 euro jarriko ditu Udalak

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 2a, 13:44

20.000 euroko hasierako poltsa bat sortu du Udalak www.kuttuna.org webguneak bultzaturiko erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzeko. Horri esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko lirateke aipaturiko negozioetara, eta Udalak erosketen %20a hartuko baitu bere kargu. 

Dendak itxita dituzten une honetan diru-sarrerak izateko asmoz egingo du Bergarako Udalak aipatutako ahalegina. Herritarrek erosten dituzten bonuen zenbatekoaren %20 diruz lagunduko du BergarakoUdalak, beti ere, bonua 200 eurora artekoa bada -25 eurokoa da bonuen gutxieneko balioa-. Hain zuzen ere, erosleak, 40 euroan eskuratuko luke 50 euroko bonua; edo, 160 euroan, 200 eurokoa. Bestetik,laguntza erosketa ezberdinetan banatu eta ahalik eta establezimendu kopuru handienera hel dadin, pertsonako 400 euroko muga ezarri da bonuak erosteko.

Nola eskuratu eta nola erabili

Erosketa bonua eskuratu gura duenak izena eman beharra dauka www.kuttuna.org webgunean. Ostean, txartela erositakoan, PDF formatuko fitxategi helduko da erosleen e-postara, eta dokumentu hori erakustea beharrezkoa izango da komertzioetan deskontua aplikatzeko orduan. Bestetik, jadanik erosketa bonua eskuratua zutenek haren balioaren %20ko laguntza jasoko dute: hala, %20 handituko da bonuen balioa.

Establezimenduen atxikitzea

Une honetan itxita dauden herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendu guztiak atxiki daitezke ekimenera. Hauek dira komertzioek bete beharrek baldintzak:

  • Hamar langile baino gutxiagoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendua izatea.
  • Pertsonei begirako produktuak edo zerbitzuak eskaintzea eta konfinamenduaren eraginez itxita egotea.
  • Bestetik, bonuak ezingo dira alkohola, tabakoa, loteria edo apustuak eta ibilgailuen erregaia erosteko
    erabili.

Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute www.kuttuna.org webgunean, Merkataria zara? atalean. Bertan, komertzioaren profilari dagozkion datuak bete beharko dira, ordainketa sistemarena salbu –Bergarako Udalak kudeatuko du hobaria duten bonuen ordainketa, eta, era berean, Udala egingo da salerosketa komisioaren kargu–.

Hasiera batean, bonuen balioaren %80 ordainduko die Udalak establezimenduei, eta irekitzen direnean eta bezeroek
erosketa bonuak erabiltzen dituztenean jasoko dute gainontzeko %20a.

Bada, Bergarako Udalak 943 77 91 00 telefono zenbakia eta garapena@bergara.eus posta elektronikoa jarri ditu zalantzak argitzeko edo alta prozesuan laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak