Leire Alvarez: "Ukitzen dugun guztia garbitzen dugu farmazian"

Eneko Azurmendi 2020ko api. 24a, 12:43

Leire Alvarez, Mozos farmazian.

Bergarako Mozos farmaziaren jabeetako bat da Leire Alvarez. Azaldu duenez, duela bi aste hasi ziren maskarak saltzen, eta dagoeneko egoerara ohitzen ari dira farmazian.

Hasieratik izan dituzue maskarak?

Hau guztia hasi zenean, eskaria handia izan zen, eta ez genuen nahiko maskara guztientzat. Beraz, zerrendak egiten hasi ginen, eta maskarak heldu ahala, zerrendan zeuden herritarrei deitzen hasi ginen. Gero, guztientzat genituen maskarak. Hala ere, banatu egin ditugu. Hau da, hasiera batean, eskatzen genuen guztia heltzen ez zitzaigunez, bakoitzari bat ematen hasi ginen, eta hala jarraitzen dugu. Hasierako eskari uholdearen ostean, hori ere egonkortzen ari da dagoeneko. 

Printzipioz maskara bat hartu ahal izango du herritar bakoitzak?

Bai. Oraingoz, behintzat, ez da derrigorra maskararen erabilera eta herritar bakoitzari bat saltzen diogu. Baina, erabileraren edo beharraren arabera, mugarik gabe salduko diegu, nahikoa egon ezkero, noski. 

Gehiegi erosteko joera dute herritarrek, badaezpada?

Eskatu izan digute bat baino gehiago, gehienbat etxekoendako, baina jendeak ondo ulertzen du guztiendako heldu behar dela eta printzipioz banatu egin behar direla. Orokorrean, zentzuz jokatzen dute. 

"Ondo ulertzen dute guztiendako heldu behar direla maskarak; oro har, herritarrek zentzuz jokatzen dute"

Ze maskara mota dituzue salgai?

Gehien daudenak eta errazen lortzen direnak, oraingoz, kirurgikoak dira. Gero badaude FFP2 maskarak, baina horiek gutxiago iritsi zaizkigu. Horiek besteengandik babesten gaituztenak dira. Hala ere, printzipioz gomendatzen direnak eta gehien erabiltzen direnak kirurgikoak dira. Merkeagoak ere badira. 

Ze preziotan ari zarete saltzen?

Orain arte 1,95 euro balio izan ditu maskara bakoitzak, baina gaur indarrean sartu da gehienezko prezio hori, 0,96 eurokoa, eta hori errespetatu beharko dugu. Hala ere, guk ordaintzen dugun prezio bera jartzen dugu guk ere herritarrendako. Pentsatzea gura dut datorren astetik aurrera guk ere 0,96 eurotan jasoko ditugula. 

Erabilera bakarrekoak dira horiek?

Bai, hori da. Bost bat orduko eraginkortasuna dute, beraz, erabileraren arabera, irteera bat baino gehiagotan jarri dezakegu.

Herritarrei azaltzen diezue nola jarri eta erabili?

Bai, noski. Gehienak oso informatuta etortzen dira eta badakite, baina gomendagarria da errepikatzea. Eskuak garbitu behar dira jarri aurretik, eta bakarrik gometatik heldu behar da. Behin ipinita, ez da ukitu behar musua. Ez da komeni maskara lepoan zintzilik edukitzea, joera handia dagoelako horretarako. 

Maskarez gain, ze produktu eskatzen ditu jendeak?

Gehienbat maskarak, gelak eta eskularruak eskatzen dizkigute. Orain, adibidez, eskularruekin dugu arazoa. Binilozkoak, nitrilozkoak saltzen ditugu, baita latex eskularruak ere, baina momentu honetan guztiak gastatu zaizkigu. 

"Orain eskularruekin dugu arazoa, guztiak gastatu zaizkigu"

Beste zerbait berezia eskatzen al dute?

Badakizu sare sozialetan informazio asko mugitzen dela, eta batzuek C bitamina eskatzen digute, babesten gaituela-eta. Ez dago frogatuta babesten gaituenik, baina badaezpada eskatu egiten digute. 

Ohi baino lan gehiago izaten ari zarete? 

Ezetz esango nuke. Baina desberdin ari gara lanean, hori bai. Azken finean, arreta geldoagoa da, denbora gehiago egoten gara bezero bakoitzarekin, neurriak hartzeko, baina ez daukagu normalean baino lan gehiago. Saltzen ditugun produktuak ere orain beti berdinak dira.

Ze neurri hartzen dituzue zuek?

Eskularruekin eta maskarekin egiten dugu lan. Gero, metakrilatozko babes bat ere ipinta daukagu, eta distantzia mantentzeko zinta bat ere jarri dugu. EPIak ere baditugu. 

"Hasieran beldur apur batekin geunden, baina orain herritarrak oso kontzientziatuta daude eta gu ere nahiko lasai gabiltza"

Lehen lerroan zaudete. Horrek beldur/kezkarik eragiten dizue?

Hasieran beldur apur batekin geunden, ezjakintasuna ere handia zelako. Hasieran guztioi kostatzen zitzaigun neurriak ondo hartzea, egoera arraroa zen, baina orain herritarrak oso kontzientziatuta daude eta gu ere nahiko lasai gabiltza. 

Lanerako orduan nola eragiten dizuete ezohiko egoera honek?

Gehiago pentsatu behar dituzu gauzak, eta egiten duzun gauza bakoitza kontzienteki egin behar duzu. Ukitzen ditugun gauza guztiak garbitzen ari gara, mostradorea ere sarri garbitzen dugu. Alerta txip horrekin gaude une oro. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak