Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin. Horixe da alarma egoera barruan herriko komertzioaren alde Udalak abiatu duen kanpainaren leloa. Halaxe azaldu du Udalak zertarako abiatu duten azken kanpaina hau: "Helburua da Udalak eta herriak herriko komertzioari merezi duen esker ona eta balioa ematea, COVID-19 gaitza gehiago ez hedatzeko egindako ahaleginagatik eta egunerokoan herriari ematen dioten guztiagatik". Kanpainaren barruan Udalak komertzioetako arduradunei gonbidapena egin die bergararrei zuzendutako mezuak bidaltzeko. Mezu horiek guztiak zabaltzen hasiak dira dagoeneko sare sozialen bitartez; orain arte, herriko 20 negozio animatu dira.
Dendari batzuen testigantzak
Oxirondoko azokan denetariko jaki izoztuak saltzen dituen Izotz dendako Asier Latorrek honako hau dio, azokako dendari guztien izenean: "Beti hor egon garen moduan, egoera honetan ere gure zerbitzua ari gara eskaintzen. Etorkizunen horrela izatea gustatuko litzaiguke. Jarri balioan daukaguna, jarri balioan aberasten gaituena".
Era berean, herritarrek erosketak herrian egitearen garrantzia nabarmendu du Igaro lurrindegiko Jone Igartuak: "Garaiotan gure buruak eta ingurukoenak zaintzea tokatu zaigu, eta hau guztia bukatzean herria zaintzea tokatuko zaigu. Horretarako, herritarrak ezinbestekoak izango zarete. Gu lehengo ilusio berberarekin bueltatuko gara lanera".
Anezka arropa dendako Asun eta Ana Parrak ere mezu positiboa dakarte: "Koronabirusaren erruz berreskuratuko ez dugun oraina galdu badugu ere, etorkizun handia dugu aurretik elkarrekin. Hau guztia bukatzen denean zuekin batera jarraitu nahi dugu, azken 34 urte hauetan egin dugun moduan".
AGM Edergintzako Azahara Gonzalez ere etorkizunera begira dago jarrita: "Garai oso txarrak ari gara pasatzen, baina egoera hau bukatzen denean denon artean aurrera egingo dugu. Zuen zain egongo gara".
'Google Maps' bidez, balorazioak
Horrez gain, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritar guztiei euren "negozio kutunak" direnei elkartasun mezuak bidaltzeko, betiere balioa emateko asmoz. Horretarako, Google Maps aplikazioa baliatuko da. Bertan, negozioa edo negozioak aukeratu eta Reseñas atalean aukera dago negozio horiei zuzen-zuzenean idazteko. "Jarri bost izarreko puntuazioa", dio Udalak.