Alarma egoera ezarri eta berehala jarri zuen martxan Udalak herritarren boluntario sarea, koronabirusaren aurrean arrisku taldeko herritarrak direnei edota laguntza berezia behar dutenei zuzenduta. Gaur-gaurkoz, 210 boluntario daude sare horretan, eta, 010 telefono zenbakira deitu ostean, 39 bergarar ari dira zerbitzu hori baliatzen. Eskaintzen den laguntza da erosketak egiteko, botikak ekartzeko eta zaborra ateratzeko.
Eta orain dela egun batzuk, zerbitzu berri bi eskaintzen dute boluntario horiek: telefono bidezko akonpainamendua eta maskotak paseoan ateratzea. Egun, 39 herritar dira, baina aukera zabalik dago oraindik ere: "Bakarrik bizi den eta beharrean dagoen beste pertsonaren batek laguntza behar badu, 010 telefono zenbakira deitu behar du. Laguntza eskatu, eta egun batera hasiko zaio laguntza ematen". Horrez gain, Udala astero ari da herriko 1.200 etxetara telefonoz deitzen, zer moduz dauden jakiteko eta laguntza behar duten galdetzeko.
Neurri ekonomiko berriak
Etorkizun hurbilean ziurgabetasuna nagusi izango dela jakinda, Udalak joan den astean iragarri zituen neurri ekonomiko batzuk: uraren eta zaborraren tasen ordainketa gutxienez uztailaren 30era arte etetea; itxi behar izan duten saltokiei eta beste jarduerei uraren kontzeptu finkoaren tasa eta zaborraren tasa ez kobratzea egoerak iraun artean; Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte luzatzea; eta urteko abonatu eta ikastaroetako tasarik ez kobratzea apirilaren 1etik eta itxita dagoen bitartean.
Asteon, beste neurri batzuk ere iragarri dituzte: Diputazioaren enpresa txiki eta autonomoei zuzendutako diru-laguntza lerro berria; kreditu finantzarioen kuoten atzerapena eskatzeko tramiteetan erraztasunak; eta hil diren senitartekoei zuzendutako dolu-zerbitzua, Gipuzkoako Psikologoen Elkargoarekin batera. Bestalde, umeentzat itxialdia atseginagoa izan dadin hainbat aukera eskaintzen dute honako lotura honetan: www. bergara.eus/umeak.