Koronabirusak lanera itzultzera behartu zaitu...
Nolabait esatearren. Bi urterako eszedentzia hartuta nengoen, Ryzon taldeko goi mailako kirolariekin bidaiatzen. Baina duela egun batzuk, ospitalera deitu nuen bertako egoeraren berri galdetzeko, eta nire beharra zutela esan zidaten.
Zein izan zen erantzuna?
Baietz esan nien, noski; eszedentzia moztu eta lanera itzuliko nintzela. Halere, esan zidaten nire maskara propioa eramateko, bertan ez zutelako niri uzteko modukorik.
Zer egin zenuen, orduan?
Maskara bila hasi nintzen, eta, lortzen ez nuela ikusita, lagun dudan Ryzon taldeko Jan Frodeno ironman-kirolariari galdetu nion ea zer egin nezakeen. Eta hor hartu nuen ezustekoa; lan egiten dudan ospitalerako 1.000 maskarako dohaintza egitea erabaki zuen.
Are gehiago, Instagram sare sozialean "heroia" zarela dio...
Bai. Dohaintza egiteaz gain, aipamena egin zidan bere Instagramen, eta "heroia" nintzela esan. Sekulako keinua da hori, nirekiko eta osasun arloan lanean ari garen guztiekiko. Izugarri hunkitu ninduen bere argitalpen horrek.
Lanera itzultzeko indarra eman zizun?
Egia esan, zalantzarik gabe itzuli naiz lanera; lankideek kontatzen zidatena ikusita, laguntzera etorri behar nuen ezinbestean. Hala ere, zein baldintzatan ari garen lanean ikusita, ez da batere erraza izaten ari.
Nola daude gauzak ospitalean?
Amaigabeko txandak egiten ari gara gaixoak artatzeko. Atsedenik gabe ari gara, eta psikologikoki oso egoera gordinak ari gara bizitzen. Pentsa, egin dudan azken txandan bakarrik, sei pertsona hil dira koronabirusak jota.
Zer esango zenieke herritarrei?
Hasteko, ahal dugun guztia egiten ari garela, eta eskertzen direla esker hitzak. Bestetik, etxean geratu daitezela, arren.