Etxean mahoi jantzita, Erramu zapatua ospatu

Jone Olabarria 2020ko api. 3a, 11:44

Konfinamendu egoerak behartuta bertan behera geratu ziren aurtengo Erramu zapatuko ospakizunak. Egoera horretan, balkoi, leiho eta etxeetatik bihar Erramu zapatua ospatzeko dei egin du Xaxau jai herrikoien konpartsak, egitarau eta guzti

Eguneroko ekintza gehienak bezala eta COVID-19-ak behartuta, bertan behera geratu da aurten apirilaren 4an ospatzekoa zen Erramu zapatua. Konfinamenduan bada ere, Xaxau jai herrikoien konpartsako kideek, ordea, festa eguna mantendu eta nork bere etxetik ospatzeko dei egin dute. Hala, mahoizko prakak, alkandorak eta zapiak janztera animatu dituzte bergararrak biharko.

Lehiaketak nagusi goizean

Goizean goizetik hasita hainbat ekintza antolatu dituzte egun guztian zehar. Horietako bat da Erramu zapatuko azokan dagoeneko klasikoa den txorimalo lehiaketa. Aurten, nork bere etxean egiteko deia egin du Xaxauk: "Etxean ditugun gauzekin txorimalo bat egitera animatu nahi ditugu herritarrak, eta balkoian, lehoietan edo bakoitzak ahal duen lekuan jarri". Txorimaloa egitera animatzen direnei, argazki bat atera eta Xaxaura bidaltzeko eskatu diete.

Iaz egin bezala, behi pisaketa lehiaketa ere izango dela azaldu dute: "Behi baten argazkia argitaratu eta honen pisua asmatzeko erronka txiki bat da". 14:00ak arte egongo da bertan parte harzeko aukera.

Zumba saioa eta bertsolariak

Youtubeko Xaxauko kanala izango da Erramu zapatua ospatzeko ezinbesteko tresna, eta, hain zuzen ere, 11:30ean zumba saioa eskainiko dute bertan. Horren ostean, eta Jitsii aplikazioaren bitartez, Kopla Barik bertso eskolako hainbat kide 12:30ean elkartu eta bertso saioa egingo dute. Hau ere Youtubeko kanalaren bitartez emititu eta herritarren eskura egongo da.

Bazkalorduan Txapa Irratiak antolatu ohi duen herri bazkari jendetsua egingo ez den arren, bakoitzak bere etxean bazkaria egin eta argazkiak partekatzera animatu dituzte bergararrak; betiere, mahoizko jantziak soinean dituztela. Bazkalostean, 16:00ean, berrogeialdian zehar grabatutako bideoak partekatzera animatu dituzte herritarrak eta hauen emisioa egingo dute Youtube bidez.

Iluntzean, kontzertuak

Arratsaldeko zazpietan, Arragoa taldeko lau kidek eskainiko dute folk kontzertua, eta ostean, 19:30ean, Azkaiter Pelox-en txanda izango da. 20:00etan, eguneroko txaloen ostean, DJ Hamaika Feat Maurizia eta DJ Balza arituko dira zuzenean. Bideo eta argazkiak partekatzeko: xaxaukomunikazio@gmail.com helbidera bidalita edo Instagram bidez @xaxaubergara kontura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak