Lanbide Heziketako zentro ezberdinetan ari dira biserak egiten; tartean, Miguel Altunan. Bertako irakasle den Joxu Aranak azaldu duenez, zentroan badituzte biseretako pantailak 3D formatuan inprimatzeko makinak, eta baita laborategia ere: "Aurreko astean bi irakasle aritu ginen egunero biserak egiten, erreleboka". Gaineratu duenez, partikularren laguntza ere jaso dute: "Lander eta Aitzol Mujikak izugarri lagundu digute, eta baita MZ3D eta Ulma Packaging enpresek ere". Ikasleek, baina, ezin dute lagundu, konfinamendu egoeran "ahalik eta jende gutxien" elkartzea komeni delako.
Gaur ari dira egiten egindako biseren banaketa, eta Aranak azaldu du "hasiera batean" jarraituko dutela bisera gehiago egiten. Osasun zentroko langileak oso eskertuta azaldu dira heziketa zentroan egindako lanarekin.