Koronabirusaren "hedapena murrizteko asmotan" hartu du Udalak udal zerbitzuak ixteko erabakia. Gaur arratsaldean, presazko bilera egin du Bozeramaile Batzordeak, eta bertan erabaki dute egoerari aurre egiteko "jarraipen mahai berezi bat" osatzea: "Egoera honek arduratik erantzutea eskatzen du eta guztion konpromisoarekin egoeraren jarraipena egin eta erabakiak konpartituko ditugu oraingoz eguneroko maiztasunarekin elkartuko den mahai honetan.
Hezkuntza eremuan jarduera guztiak eteteko hartutako erabakiaren aurrean eta bergararren osasuna babesteko helburuari irmo helduz, bihartik, martxoaren 13tik, aurrera, herritarrei bideratutako udal zerbitzu gehienak itxita egongo dira Bergaran".
Udaletik helarazitako oharrak dio, modu honetan, "langileak babesteaz gain, egoera honen aurrean jasotako gomendioei kasu egin eta pertsona pilaketak eta transmisio fokuak ekiditea" dela helburua, Covid19 birusaren hedapena murrizteko".
Iragarri dute, aldi berean, "helburu berberarekin", bertan behera gelditu direla datozen egunetarako Udalak antolatuta zituen ikuskizun eta ekimen guztiak, eta "neurri bera hartzea" gomendatu diete "oraindik halakorik erabaki ez duten elkarte edo talde antolatuei, barrura zein kanpora begirako ekintzetan".
Bergararren Arreta Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuetako Arreta irekita egongo direla, baina horietan ere "herritarren eta langileen osasun segurtasuna bermatzeko hainbat osasun neurri" hartuko dituztela iragarri dute: "Era berean, Udaltzaingoak bere jarduna moldatuko du, sortzen diren behar bereziei erantzuteko. Gainerako udal-langileek ohiko lan jardunarekin jarraituko dute, herritarrik artatuko ez duten arren".
Neurri eta gomendio berrien zabalpena "ohiko bideetatik" egingo dutela azaldu dute: sare sozialak, webgunea, atariz-atariko oharrak, komunikabideak…