Herria Elkartasunean Bat! lelopean bildu, eta herri moduan justiziaren, bake sozialaren eta solidaritatearen alde "erantzun bat" eman gura dutela azaldu du ikastolako zuzendari Gotzon Iparragirrek. Eta adierazi du, horrelako "egitarau zabala" antolatzen duten "lehen aldia" dela aurtengoa.
Alde batetik, ikastolako ikasleekin egin gura dute lanketa Giza Garapenerako Hezkuntza proiektua praktikan jarri eta ikasleak "beste errealitate batzutara hurbiltzea" helburu. Bestalde, herrira begirako lanketa ere egin gura dute, eta horretarako orotariko ekintzak antolatu dituzte.
Elkartasunean Bat! proiektuarekin Ndank-Ndank herriko taldea eta Mariaren Lagundiko FISC gobernuz kanpoko erakundea lagundu gura dituzte, bereziki, "euren proiektuak garatzeko dirua lortzeko". Dionewarren (Senegal) eraikiko duten kulturgune bat diruz laguntzera eta Tanzanian eskola bat eraikitzera bideratuko dute bildutako dirua, hurrenez hurren.
Azoka solidarioa, apirilaren 2an
Proiektuaren baitako ekintza nagusia apirilaren 2an egingo dute; hain justu, azoka solidarioa egingo baitute Irizar pasealekuan, 18:00etan hasita. Elkartasunean Bat! proiektuko talde eragileko arduradun Aran Ugartek adierazi duenez, "gobernuz kanpoko 14 erakunde ezberdinek hartuko dute parte azokan, eta beraz, denetarik erosteko aukera egongo da". Gaineratu duenez, "ikasleek ere" emango dute laguntza, euren postutxoa ere jarriko baitute.
Azokaren aurretik eta baita ostean ere, zenbait ekintza egingo dituzte ikastola barruan baita herri mailan ere.
Egitarau osoa
Ikastolan
- Zeramika tailerrak otsailean zehar: sortutako objektuak apirilaren 2ko azokan jarriko dituzte salgai.
- Ndank-Ndank eta Fisc-eko kideekin dinamikak.
- Ikasleekin Tanzania eta Senegaleko lanketa:
- Martxoan zehar: Tanzaniako eta Senegaleko errealitateak ezagutzeko lanketa egingo dute, bertako egoerekiko kontzientzia sortzeko.
- Martxoak 23-27: aurretik landutako proiektuak arte lanetan islatuko dituzte. Ostean, horiek erakusketan jarriko dituzte herritarrek ikusteko.
- Bokata solidarioa: martxoaren 17ko asteko egun batean prestatutako bokatak erosiko dituzte eta bertan bazkalduko dute.
Herrian
- Tabernetan zozketak: herriko taberna batzuetan kirolari famatuek sinatutako kamisetak jarriko dituzte zozketan (tabernan bertan hartu ahalko da parte).
- Virginia Imazen antzerkia: martxoaren 24an eskainiko du Consumiéndonos antzerkia, Seminarixoan. Irekia izango den arren, sarrerak 8 eurotan salduko dituzte, eta bildutako dirua Ndank-Ndank elkartearentzat izango da.
- Kontzertu solidarioa: martxoaren 26an egingo dute Seminarixoan, eta herriko talde ezberdinek hartuko dute parte. Sarrerak 5 eurotan salduko dituzten arren, 0 ilara ere egongo da; kontzertura joan ez arren, lagundu nahi dutenei zuzenduta. Bildutako dirua Ndank-Ndank elkartearentzat izango da.
- Ikasleen erakusketa: ikasleekin egindako lanketak sortutako lanak jarriko dituzte ikusgai.
Azokaren egunean
- Kilometro solidarioa: herriaren erdigunean zehar kilometro bateko luzera izango duen ibilbide bat zehaztuko da eta bertan korrika egingo dute aurrez izena ematen dutenek. Ekintza sinbolikoa izango da, kontzientzia hartzera begirakoa. Kamiseta bana ere banatuko zaio bakoitzari.
- GGKKEn azoka
- Tailerrak edo umeentzat ekintzak: globoak, txapak, aurpegi margoketak, photocall-a...
- Pintxo-pote solidarioa: azokako GGKEen inguruan, Guraso Elkarteak pintxo-pote postua jarrita.
- Girotzea: musika-taldeak edota Erraldoien taldea izango dira azoka girotzen.