Urritasunen bat duten emakumeen ahalduntzea izan dute berbagai Bergaran

Maialen Santos 2020ko mar. 5a, 11:11

Ana Maria Castro Bergaran eskainitako hitzaldian zehar.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, urritasun intelektuala edota gaixotasun mentalen bat duten emakumeen eskubideak izan zituzten berbagai atzo Bergaran, Ana Maria Castro desgaitasun eta mendekotasunean aditu galiziarrak eskainitako hitzaldian.

Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauaren baitan egin zuten hitzaldia, Goienetxe Fundazioak antolatuta. Urritasunen bat duten emakumeak edota gaixotasun mentalen bat dutenak izan dira ardatz De ser mujer con discapacidad a ejercer de mujer izeneko hitzaldian.

Ana Maria Castrok GOIENAri azaldu dionez, "desgaitasunen bat duten emakumeen ahalduntzean" jarri nahi izan du arreta, pertsona horiek "benetan direnaren arabera jardun dezaten". Izan ere, bere aburuz, ez da berdina soilik emakume izatea edo emakume izan eta emakume gisara jardun ahal izatea. Hala, gogora ekarri nahi izan du emakume desgaituek sarri instituzioen eta gizarte osoaren laguntza behar izaten dutela pertsonalki garatu ahal izateko; eta laguntza hori beren eskura jartzea gizarte osoari dagokiola. "Zenbait emakume ezin dira aurrera irten ingurukoen babesik izan gabe. Beren eskubideen alde borroka egin nahi dugu, merezi dutelako".

Urritasunen bat duten emakumeen eskubideak zeintzuk diren ere errepasatu ditu Castrok, ikus-entzuleen laguntzaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak