Metalaren hitzarmenaren baitan sortu zen Gipuzkoa mailako Geroa enpresa, eta Adegik eta sindikatu guztiek sinatu zuten hitzarmen hori, ESK-k izan ezik –enpresaren %50 Adegirena da eta beste erdia sindikatuena–. Hitzartutakoaren arabera, enpresetan langileen nominako portzentaje bat Geroara bideratuko zen, gero erretiroa hartu ostean pentsioa osatzeko helburuarekin –hasieran, soldataren %1,5 ematen zioten Geroari; eta egun, %2,6 inguru–.
Langileak erretiroa hartzen hasi direnean etorri da arazoa. Izan ere, bazkide batzuek –Jesus Zabaleta eta Luis Arenaza bergararrak tartean– salatu dute ezin dutela euren dirua eskuratu, enpresak jarritako muga baten ondorioz. Gehitu dutenez, 45.120 euro baino gutxiago dutenek ez dute arazorik, baina hori baino gehiago dutenei ez diete uzten euren dirua osorik eskuratzen. "Errenta bat bakarrik eskuratu dezakegu, hilean 200 euro baino gutxiago 23 urtean. Kopuru horretatik behera daukatenek, aldiz, diru guztia ateratzeko aukera daukate, gura izanez gero. Hori erabateko diskriminazioa da. Betebeharrak guztiok berdinak eduki ditugu, baina eskubideak ez", adierazi du Jose Mari Lazkanok, Geroa enpresak kaltetutakoen plataformaren sustatzaile eta bozeramaileak.
Lazkano joan den urtean hasi zen bere eskubideen alde borrokan. "Adegira eta sindikatuengana jo nuen, eta esan zidaten ea zergatik ez nion diru hori Gizarte Segurantzari eskatzen. Zentzurik gabeko erantzuna izan zen hori, eta bestelako azalpenik ez zidaten eman. Jakin nuen beste batzuk ere nire egoera berean zeudela, eta kaltetuen plataforma bat sortzea erabaki nuen, dagokiguna eskatzeko", azpimarratu du getariarrak. Apurka-apurka, geroz eta kaltetu gehiago batzen joan zaizkio. "Gaur egun, Whatsapp eta Telegram taldeetan 1.500 pertsona inguru gaude, guztira", dio.
Gainera, diote, 65 urteren bueltan dituztela eta "orain" dela diru horren behar gehien duten momentua. "Orain dugu diru horretaz disfrutatzeko sasoia, eta ez 90 urte dugunean".
Gardentasuna eskatzen dute
Enpresaren aldetik isiltasuna eta gardentasun falta dagoela salatu dute kaltetuek. "Zer gordetzen du Geroak? Izan ere, ez digute inolako azalpenik ematen. Kuriosoa bada ere, Adegi eta sindikatuak, guztiak ados daude honetan. Halako gatazka egon eta sindikatuak isilik egotea ez da normala, hori ezin da onartu. Estatutuetan tematuta daude, baina, hala izanik ere, aldatzea posible izango da, ezta?", nabarmendu du Lazkanok.
Era berean, enpresak ez du negoziatzeko "inolako borondaterik" erakusten, plataformako bozeramailearen esanetan. "Etekin handiko enpresa dela eta diru arazorik ez dagoela diote, baina ez digute azalpenik ematen, eta horrek susmo txarrak edukitzera garamatza. Gardentasuna eskatzen dugu, honen guztiaren atzean zer dagoen jakin gurako genuke".
Kaltetu guztiei dei egin diete eurekin harremanetan jartzeko, Lazkanori deituta: 639 71 85 66.
"Ez gara opakoak"
Geroako gerente Virginia Oregik dio ez direla opakoak. "Ate guztiak irekita eduki izan ditugu beti, informazioa ematen dugu, eta gure webgunean informazio zehatza daukagu. Likidezia daukagu, eta egiten dizkiguten kontrol guztiak ondo gainditzen ditugu. Beraz, guri buruz esaten diren gauza asko ez datoz errealitatearekin bat", azaldu du.
Oregik dioenez, pentsio publikoen osagarri moduan sortu zen Geroa, metalgintzako langile guztiei laguntzeko, hitzarmen kolektiboaren baitan, eta gaur egun, 20 sektoretako langileak ditu. "Pentsioen gehigarri edo osagarri moduan ulertzen dugu pentsio publikoari laguntzen dion hileroko errenta hau".
Ekarpena lau tartetan banatuta
2015era arte, biziarteko errenta bat sortzeko gai bazen, errenta moduan ordaintzen zieten bazkideei, Oregiren esanetan. "Bestela, bazkideari esaten genion ezin genuela eta dirua itzuli egingo geniola. 2015etik aurrera, lau tartetan banatu genuen hori".
Lehen tartean daude ekarpena 11.280 euro baino txikiagoa egin duten bazkideak. "Ezin diegu errentan ordaindu, bestelako kolektiboei kalte egiten ari garelako, eta errenta horren iraupena jaisten dutelako".
Bigarrenean, 11.280 eta 45.120 euro arteko ekarpena egin dutenak. "Ezin diegu 188 euroko errenta osagarria eskaini gutxienez 20 urtean; beraz, kapitalean ordaintzen diegu. Hala ere, bazkideak bereziki eskaera bat eginez gero errentan egiteko, ematen diogu aukera hori".
Hirugarren tartean, 45.120 eta 56.400 euro arteko ekarpenak egin dituztenak. "Errentan ordaintzen diegu, oso egoera onean gaudelako errenta egokia eskaintzeko".
Laugarrenean, 56.400 eurotik gorakoetan, segurua ere gehitzen zaie. "Hau da, 90 urtetik gora bizi izan ezkero edota egindako ekarpen guztiak gastatuta ere, kobratzen jarraitzen dute".
Kaltetuen plataformari erantzunez, azaldu du pentsio publikoak osatzea dela Geroaren helburua. "Uste dugu ona dela gure bazkide guztiek errenta osagarri hori edukitzea luzaroan. Izan ere, pertsonak geroz eta urte gehiago bizi dira, eta horri ekonomia osasuntsu batekin lagundu behar zaio".