"Kirolez aldatu dugu, baina ilusioari berdin eusten diogu"

Xabier Urtzelai 2020ko ots. 21a, 12:00

Beñat eta Jokin Etxabe, martitzen arratsaldean, Gorlan entrenatzen.

Txirrindularitzak gazi-gozo asko ekarri dizkie anaia bergararrei; profesional izateko ideia baztertuta, mendian dabiltza gustura. Eta lasterketak irabazten, gainera. GOIENAk entrenamendu saio bat partekatu du eurekin aste barruan, horrenbeste maite duten Gorlako mendatean.

Beñat Etxabe eta Jokin Etxabe (Bergara, 1994) bizikleta gainean egindako ibilbideagatik izan dira albiste duela gutxira arte. Urtebete hartu dute gorputza jarduera berrira moldatzeko, eta txirrindulari zireneko ohiturak errekuperatu dituztenerako lasterketetan aurrean dira ostera [Antzuolako 8 Miliak irabazi zuen Beñatek joan den astean, eta Jokin bigarren izan zen]. Aitortu dute sekulako ilusioa egingo liekela egunen batean Euskal selekzioa ordezkatzea, nahiz eta badakiten horretarako bidea egin behar dutela oraindik.

Bizi osoa Gorlako mendateari lotuta, orain ere hemen entrenatzen zarete?

Jokin Etxabe: Lagunek sarri esaten digute, gaur ere Gorlara? Eta gure erantzuna, "Gaur be han egon gaitxuk, basurdeak, orkatzak eta etxabetarrak".

Mendi lasterketetan diharduzue, baina geratu zaizue arantzarik ziklismoan ibilbide luzeagoa egin ez izanagatik?

J.B: Bai, niri bai, gauzak diren moduan. Azken batean bizitzako sei-zazpi urte inbertitu ditut amets horregatik borrokan. Ikusi dut zer den profesional izatea baina ez dut jarraipenik izan, eta pena ematen du, bai. Azken urtean denetarik ikusi nuen, txirrindularitzako alde tristea, eta ez nengoen prest beste urtebete kanpoan egiteko, nahiz eta banuen eskaintza txukunen bat.

Anekdota eta bizipen horiekin liburu bat idatz zenezake, Jokin.

J.B: Tristea da baina halaxe da. Emandako hitza betetzen ez duten zuzendariak, betetzen ez diren egutegiak, materiala faltan, soldata batzuk zehaztu eta gero ordaindu ez... Badut liburu bat idazteko, bai. Orain lasaiago bizi gara, lantegian postu egonkorra, eta mendi lasterketak zaletasun modura.

Beñat, zuk ere amateur mailako azken urtean (2017) Kantabriako Gomur taldean apenas gozatu zenuen.

Beñat Etxabe: Mononukleosi gaitzak erabat jota utzi ninduen. Pentsa, garaipenengatik lehian ibiltzetik, bi astetan, lasterketak ez amaitzera pasa nintzen. Lur jota nengoen, txarto pasa nuen. Eta kosta zait errekuperatzea. Orain nabil, mendi lasterketetan, garai bateko sasoi puntua errekuperatzen, ostera ere benetan indartsu sentitzen.

J.E: Horrek erakusten du elite mailako kirolean zorteak ze garrantzia duen. Azterketa fisikoetan datu oso-oso antzerakoak izan ditugu beti. Niri AEBtako Aevolo taldeak fitxatu ninduen, neurri handian, Txekiar Errepublikako Munduko Kopan Cannondaleko arduradun batek ikusi zuelako ze detaile izan nuen Enric Mas-ekin –Mendatea igotzen lagundu zion–. Anaiari, berriz, osasun arazo hark eten zion progresioa.

Gaitasun berbera, eta bi kirol ibilbide ezberdin.

B.E: Bai, halakoa da elite mailako kirola: erorikoak, osasun arazoak edo beste barik, besteendako lan egin behar izateak. Lizarten, esaterako, talde lan hori izugarri eskertzen dute, baina beti ez da horrela...

J.E: Gertatu izan zait amateur mailan bigarren egin, jakinda anaiak bakarrik kilometro batzuk lehenago tropela lehertu duela, sekulako lana egin duela. Baina hori ez da sailkapenean ikusten, ni igo naiz podiumera. Hori ere badu txirrindularitzak.

Mendi lasterketetara salto eginda, denboraldi hasiera ederra egin duzue.

B.E: Bai, baina zentzuz egin ditugu gauzak, poliki. Iaz hasi ginen lasterketa batzuetan esku hartzen, baina gorputza mendi lasterketetara moldatzeko entrenatzen ibili ginen. Entrenatzera baino, mendian ibiltzera joaten ginen.

Aurten, baina, seriotasunez hartu dituzue mendi lasterketak.

B.E: Bai, txirrindularitzako metodologia mendi lasterketetara ekarri dugu: oinarria landu, indarra, serieak tartekatu, elikadura zaindu...

Dinamika hori oso barneratuta duzue.

J.E: Bizi osoa daramagulako horrela, eta gustatu egiten zaigu, gainera. Urtean lauzpabost parranda egiten ditugu, ez nahiko. Domekan biharamunarekin egotea... Ez du merezi.

B.E: Koadrilan ere kirola egiten duten lagun asko dugu, eta hori oso lagungarria da, bizi estilo antzerakoa daramagulako askok. Julen Irizar –Euskadiko fundazioko ziklista– ere koadrilakoa da, eta sarritan aipatzen du lagungarri zaiola koadrilan kirol giro hau izatea.

J.E: Ingurukoak zapaturo parrandan badituzu... Zailagoa da.

Noiz hasi zineten lasterketetan?

J.E: Iazko Antzuolako 8 miliatan hartu nuen lehenengoz parte mendi lasterketa batean. Gaixorik nengoen, 38,5eko sukarrarekin, baina koadrilako batek apustua egin zuen, eta joan egin behar! Bizikleta gainean ere ez dut horrenbeste sufritu [Kar, kar, kar], Casper baino zuriago iritsi nintzen helmugara.

B.E: Kar, kar, kar...

Eta dagoeneko lasterketak irabazten, podiumera igotzen...

B.E: Gustura gabiltza. Calpen hirugarren egin nuen, Gabirian bigarren, eta Kobaz Koba eta Antzuolako 8 miliak irabazi egin ditut. Eta anaia ere podiumaren bueltan ibili da.

J.E: Hurrengo lasterketak izango dira UZ trail, Arriaran, Gabiri, Aloñako Igoera eta Segura-Zerain. Eta gero gerokoak.

Elkarrekin entrenatu ahal izatea ere ez da gauza makala...

J.E: Sekulako zortea dugu! Ea nork entrena dezakeen maila igual-iguala daukan lagun batekin, ezinezkoa da!

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak