Osintxuko Olaberri baserriko Jose Mari Jauregik, adibidez, ez zuen espero bere baserria horren zaharra zenik: "Oso ikerketa interesgarria izan da. Emaitzak sorpresa izan dira guretzat, bagenekien-eta baserria zaharra zela baina ez horrenbeste. Patxirekin [Larrañaga] aspalditik dugu harremana eta bagenekien XVI. menderako gure baserria bazegoela; honek, baina, ia mende bat aurreratzen du eraikitze-data". Hori bai, Jauregik dio kostu handia dela baserria behar den moduan mantentzea: "Ez gara bertan bizi baina sarritan joaten gara, eta lan handia dago mantenurako; bertan bizi ez bazara ez dago laguntzarik, eta hori kostu handia da".